Gasteizko 'Korterraza' film laburren jaialdia hasiko da bihar

Uda giroan eta aire librean egiten den film laburren Gasteizko Korterraza jaialdiaren hamabigarren edizioa izango da aurtengoa eta bihartik aurrera jarriko dute martxan. 46 lan aukeratu dituzte uztailaren 7tik 9ra ikusleei erakusteko, 22:00etatik aurrera, Iradier Arenan. Hiru atal izango dira: Sail ofiziala, Komedia eta Erakustaldia. Hiru saioetarako sarrera librea izango da, lekuak bete arte.
Bihar, hilak 7, sortzaile arabarren film labur onenak eskainiko dituzte: David P. Sañudoren La colcha y la madre, Mikel Bustamanteren Caníbales, Imanol Ortizen Oculto, Xabi Vitoriaren El carné, Paul Urkijoren Dar-Dar, Pablo Pinedoren El comité, eta Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos.
Aurtengo epaimahaia Lander Otaola, Gorka Aguinagalde eta Iñigo Salinero aktoreek osatuko dute, eta sail ofizialeko hiru sarien eta Komedia sariaren irabazleak aukeratuko dituzte. Korterraza Txiki sarirako epaimahaia, berriz, zazpi irakaslek osatuko dute. Uztailaren 11n emango dute sarituen berri.
Proiekzio horien osagarri izango dira gai sozialak lantzen dituen Korterraza Sensibiliza saioa (Artium zentro museoan, 21:15ean) eta irailaren 2ko Korterraza Txiki (Zumaia plazan, 21:00etan).
Kontzertuak
Proiekzioen aurretik kontzertuak izango dira, 19:30ean: bihar, A Contra Blues, Jonathan Herrero gasteiztarra buru duen rock-blues taldea; uztailaren 8an, Willis Drummond talde ezaguna arituko da, 2021eko Goya Sarietarako izendatu zuten Ane filmaren soinu bandako Nahi ta nahi ez abestiaren sortzailea ere badena; eta uztailaren 9an, Freedonia soul eta funk taldea arituko da. Amaitzeko, igandean, amaiera ekitaldiaren ondotik, 19:30ean, Capsula eta Corizonas taldeek joko dute. Laster argitaratuko dituzten diskoen abestiak aurkeztuko dituzte bi taldeek.
Kontzertuetarako sarrerak Kultura Bizia webgunean eskura daitezke.
Araban zabalduz
Aurtengoan, gainera, Korterraza Araba jaialdi ibiltariaren zazpigarren edizioa egingo dute uztailetik irailera. 45 proiekzio egingo dituzte lurraldeko 37 plazatan, tartean Agurainen, Oroko Santutegian, Dulantzin, Aramaion, Okondon, Langraizen, Izarran, Bastidan, Gebaran, Narbaxan, Erentxunen eta Laudion. Herriz herriko emanaldien kasuan, dena den, lau ataletan banatuta bistaratuko dituzte lanak: Super Hautaketa, Sail Ofizialeko film aipagarrienekin; Komedia atala; haurrentzako Txiki saioak; eta Mix atala, aurreko hiru atalen nahasketa.