Gasteizko Jazz jaialdia uztailaren 13tik 21era izango da

Gasteizko Jazz jaialdia uztailaren 13tik 21era izango da Kontzertuak, zinema proiekzioak eta hitzaldiak izango dira egitarauaren barruan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-jazz-jaialdia-uztailaren-13tik-21era-izango-da/@@download/image/ARH853628-06-24-scaled.jpg
2024/07/01
Kontzertuak, zinema proiekzioak eta hitzaldiak izango dira egitarauaren barruan.
Gasteizko Jazz jaialdia uztailaren 13tik 21era izango da

Gasteizko Jazzaldiaren 47. edizioa uztailaren 13tik 21era izango da, eta Principal Antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia izango dira kokaleku nagusiak.

Jaialdiak berrogeita hamar bat kontzertu programatu ditu, gehienak doakoak, "hiria jazzez betetzeko, talentu gaztea sustatzeko eta publiko berriak erakartzeko". 

Honako talde eta bakarlariek hartuko dute parte besteak beste: NDR Bigband, Pablo Martin Caminero,Terri Lyne Carrington, Joel Ross, Cécile Mclorin Salvant, Sumrrá, Niño de Elche, Michel Camilo eta Tomatito, Yilian Cañizares, Chucho Valdés, Trueno, Christie Dashiell, Myra Melford, Sylvie Courvoisier, Clara Peya, Eddie Mejia eta Baptiste Trotignon.

Bestetik, tokiko taldeen hamaika kontzertu izango dira, eta Jaialdiko brass band tradizionalak eskainiko dituen emanaldiak ere antolatu dituzte. EITBko Jazza Parkean programazioak, berriz, etenik gabeko hamabi orduko musika eskainiko du uztailaren 13an, Prado parkean.

Jarduera osagarriak
Jazz for Innovation by Hibridalab programaren barruan, hiru hitzaldi-kontzertuko zikloa izango da, uztailaren 17, 18 eta 19an. Programa honetan Pablo Martín Caminero, Clara Peya eta Ramón Pratsek parte hartuko dute.

Hilaren 16an, Baldo Martinezek Música imaginaria diskoa aurkeztuko du. Dani Alonsok swingaren historiaren inguruko hitzaldia emango du uztailaren 20an.

Jazzinema zikloaren zazpigarren edizioa bossa novan barneratuko da eta honako lan hauek proiektatuko ditu: Elis & Tom. Só tinha de ser com vocere (Roberto de Oliveira, Jom Tob Azulay, 2023); Orfeu negro -Orfeo beltza- (Marcel Camus, 1959); Miúcha. A voz da bossa nova (Liliane Mutti, Daniel Zarvos, 2022) eta Dispararon al pianista (Fernando Trueba, Javier Mariscal, 2023). Proiekzioak uztailaren 3an, 11n, 18an eta 25ean izango dira, 19:00etan.

Bestalde, Jesus Guridi musika eskolak ateak irekiko ditu, Mendizorrotza, Pablo Martín Caminero hirukotearen eta NDR Bigbanden inaugurazio kontzertuaren entsegu ireki bat hartzeko.