Gasteizko Gazte Sortzaileak bekaren bidez sortutako lanez gozatzeko aukera izango da otsailean eta martxoan

Gasteizko Gazte Sortzaileak bekaren bidez sortutako lanez gozatzeko aukera izango da otsailean eta martxoan 2015etik 2021era bitarteko edizioetako hainbat bekadunen saioak izango dira eurek egindakoa aurkezteko eta sorkuntza prozesuaz ere arituko dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-gazte-sortzaileak-bekaren-bidez-sortutako-lanez-gozatzeko-aukera-izango-da-otsailean-eta-martxoan/@@download/image/gazte albiste.png
2023/02/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

2015etik 2021era bitarteko edizioetako hainbat bekadunen saioak izango dira eurek egindakoa aurkezteko eta sorkuntza prozesuaz ere arituko dira.
Gasteizko Gazte Sortzaileak bekaren bidez sortutako lanez gozatzeko aukera izango da otsailean eta martxoan

Gazte Sortzaileak gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzeko beka deialdiak jasotzen dutenek euren proiektua gauzatzeko laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala izaten dute. 2015etik 2021era bitarte beka irabazitakoen lanak ezagutarazteko asmoz, otsail eta martxorako Gazte Sortzaileak bolo-bolo egitaraua prestatu dute. 

Lehenik, Uxue Ruiz de Arkaute eta Alejandra Bueno de Santiagoren ikus-entzunezkoak proiektatuko dituzte, Hybrid eta Ezohikoak, otsailaren 15ean, 19:00etan, Salburuko gizarte-etxeko ekitaldi aretoan. Proiekzioaz gain, solasaldia ere izango da. 

Jone Bengoak Kabia ikuskizuna taularatuko du, otsailaren 22an, Beñat Etxepare antzokian. Aitor Vinagretek eta Aurora Brizek, berriz, Kokito eta India antzezlana eskainiko dute Jesus Ibañez de Matauco antzokian, martxoaren 12an, 11:30ean. Azken honetarako gonbidapenak beharko dira eta Gazte Informazioaren Udal Bulegoan eskuratu ahal izango dira martxoaren 3tik aurrera.

Azkenik, Eñaut Gorbeak argi eta itzal laborategia emango du. Itzal antzerkian trebatu zen Gorbea bekari esker, eta ikasitakoa partekatuko du martxoaren 16an, 19:00etan, Zabalganeko ekitaldi-aretoan. 14 urtetik aurrerakoentzat izango da laborategia, eta izena eman beharko da martxoaren 2tik aurrera online edota gizarte-etxe eta kirol instalazioetan.

Ekitaldi hauez gain, Ane Gebarak, Aitor Alvarezek eta Iker Agirrek ere ikasle eta publiko berezituari euren sormen-lanak aurkeztuko dizkiete, euren diziplinekin loturiko zentro eta espazioetan antolatutako saio itxietan.

Gazte Sortzaileak bekaren hurrengo deialdia bigarren hiruhilekoan egingo da.