Gasteizko FotoArte lehiaketak literatura izango du ardatz

Gasteizko FotoArte lehiaketak literatura izango du ardatz Literaturarekin lotutako jarduera artistikoak islatzen dituzten argazkiak bidali beharko dira martxoaren 20ra bitarte. Erakusketa ibiltaria ere egingo dute hautatutako lanekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-fotoarte-lehiaketak-literatura-izango-du-ardatz/@@download/image/fotoarte.png
2022/02/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Literaturarekin lotutako jarduera artistikoak islatzen dituzten argazkiak bidali beharko dira martxoaren 20ra bitarte. Erakusketa ibiltaria ere egingo dute hautatutako lanekin.
Gasteizko FotoArte lehiaketak literatura izango du ardatz

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak FotoArte argazki-lehiaketaren hamazazpigarren edizioa antolatu du, pandemiak eragindako urtebeteko geldialdiaren ondoren. Lehiaketak herritarrak argazkilaritzara gerturatzea, sormena bultzatzea eta sorkuntza-prozesua sustatzea du helburu. Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak azaldu duenez, "sendotuta" dagoen ekimena da, eta jarduera artistikoa "modu erakargarrian" ikusarazi eta "argazkigintzaren eta beste jarduera artistiko batzuen arteko lotura" sustatzea da asmoa. 

Lehiaketa martxoaren 20ra arte izango da martxan eta interesdunek udalaren webgunearen bidez parte hartu ahalko dute. Jarduera artistikoen irudiak jasotzen dituzten argazkiek parte har dezakete, eta horien gai nagusia literatura izango da. Artista bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, beste inon saritu gabeak. 

Hiru sari egongo dira: 1000 euro lehenarentzat, 700 euro bigarrenarentzat, eta 400 euro bertako artista batentzat. Horiez gain, 150 euroko bi accesit ere emango dira. Bertako artistarentzako saria Gasteizen bizi diren edo bertan lanean edo ikasten ari diren pertsonek aurkeztutako lanen artean hautatuko da. Argazkigintzan eta artean eskarmentu handia duten hiru pertsonak osatuko dute epaimahaia eta maiatzaren 6an emango da euren erabakiaren berri. 

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke. 

Erakusketa ibiltaria
Saritutako lanen aurkezpen-gala maiatzaren 31n izango da, 19:00etan, Pilarreko gizarte-etxean, eta epaimahaiak hautatutako 32 argazkien erakusketa ibiltaria inauguratuko dute. Ondoren, beste gizarte-etxe batzuetan jarriko da ikusgai erakusketa. Gainera, Udalaren webguneko gune birtual batean ere izango da ikusgai.

Aldi berean, herritar guztiei zuzendutako jarduera osagarriak ere antolatuko dira: hitzaldiak, solasaldiak, lantegi praktikoak, mahai-inguruak eta erakusketak.