Gasteizko Baratza aretoak 'Bertako Fest' jaialdia egingo du asteburuan

Gasteizko Baratza aretoak 'Bertako Fest' jaialdia egingo du asteburuan Gilkiratxo taldearen 'Identitarteak' antzezlana, eta Miren Narbaizaren eta Danele Sarriugarteren musika eta hitz emanaldia antolatu dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-baratza-aretoak-bertako-fest-jaialdia-egingo-du-asteburuan/@@download/image/danele eta miren.png
2024/02/20
Gilkiratxo taldearen 'Identitarteak' antzezlana, eta Miren Narbaizaren eta Danele Sarriugarteren musika eta hitz emanaldia antolatu dituzte.
Gasteizko Baratza aretoak 'Bertako Fest' jaialdia egingo du asteburuan

Bertako Fest jaialdia asteburuan Gasteizko Baratza aretoan gauzatuko da, eta bi ekitaldi ezberdin eta berezi antolatu dituzte. 

Larunbatean, otsailaren 24an, Gilkiratxo taldearen Identitarteak euskarazko antzerki ikuskizuna izango da, 20:00etan. Hogeita bost urte bete ostean, beren buruei nor eta zer diren galdetzen diete oraindik taldekideek. Beti ere komediatik, jolasetik eta ikuslearengandik gertu planteatzen dituzte zalantzak, kabaretaren jolasean murgilduz. Lutxo Egiaren testu bat da abiapuntua, eta Ane Zabala eta Galder Perez aktoreak Aitor Garcia de Vicuña Gartxito musikariarekin batera igoko dira taula gainera. Identitateen inguruko galdera berri eta zaharrekin jolasten jarraituko dute, beren identitateak eraiki eta deseraikitzen, musika eta performancea nahastuz. 

Igandean, berriz, Miren Narbaizaren eta Danele Sarriugarteren Popperra, afterra, utopia emanaldia izango da, 13:00etan. Hitza eta soinua uztartzen dituen emanaldia da, berrogeita bost minutu ingurukoa. Sarriugartek testu bat irakurriko du, hiru zatitan banatua, eta, irakurketan bertan zein etenaldietan, Narbaizak soinu-giroak sortuko ditu, eta kantuak jo. Hitzek eta musikak batasun bat osatuko dute. Dolua, dantza, popper-a, after-a, irudimena eta lagunak dira aipatu diren gaietako batzuk.

Sarrerak eta ikuskizunei buruzko informazioa www.salabaratza.com webgunean topa daiteke.