Gasteizko Azpimarra irakurle taldeak 'Poesia mailu bat da' literatura jaialdia antolatu du
Azpimarra irakurle taldeak Poesia mailu bat da literatur jaialdia antolatu du ekainaren 6rako, Gasteizko Gaztetxean. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta jaialdia "artea gure garaian kokatu eta izatea nahi dugunari buruz hausnartzeko elkargunea" izatea nahi dute, baita "ondo pasatzeko" ere.
"Ez dugu nahi poesia plastikozko lore bat izaterik. Ez dadila eskaparatean begiratzeko produktu polit bat izan, ezta erabili eta botatzeko klinexa ere. Ez dugu edertasunaren edo artearen gorazarrerik nahi. Ez dugu nahi hodeietako printzeen istorioekin burua berotzerik. Ez dugu best-sellerrik, sari potolorik edo dibertimendu hutsalik nahi. Poesia mailu bat dela diogu oinak lurrean dituen literatura nahi dugulako; badakigulako, nahiz eta salto egin, gure desirek baino indar gehiago duela grabitateak. Aldarrikatzen dugu ondoan duzun ezezagunari begira idatzitako poesia bat, norbere barruak guztionak direla konturatzen dena, gu geu garenari buruzko poesia bat; eta bereziki, izan nahi duguna eraikitzen duena. Aldarrikatzen dugu mailu izan nahi duen poesia, indarrak batuta, itotzen gaituen errealitatea kolpatzen duena", azaldu dute.
Goizean, 11:30ean hasita, itzulpengintza tailerra izango da Gaztetxean. Hainbat galdera planteatuko dituzte tailerrean: "Zer eta nola egin behar du itzultzaileak? Zein erronka ditu euskarazko itzulpengintzak? Nola idatzi hizkera formala?". Teoriaz gain, arlo praktikoa ere landuko dute. Sare sozialetan eman behar da izena.

Ipuin kontalariak izango dira arratsaldean, Mundu berriko mamuak eta Erruina baten kontaketa. Ondoren, 18:30ean, mahaingurua egingo dute. Joseba Sarrionandia, Uxue Apaolaza eta Martin Bidaur idazleek gai hauen inguruan hausnartuko dute: zer idazten den eta zer ez, nola idazten den, zer posiziotatik, norentzat...
Bestetik, Gabriel Arestiren Poesia mailu bat da lanean oinarritutako kartel erakusketa ere ipiniko dute, eta arratsalde osoan zehar bisitatu ahal izango da. Liburu eta fanzine bilketa ere egingo da arratsaldean zehar, Zaballan dauden presoentzako. Poesia mikro irekia antolatu dute, 20:00etan. Arestiren poema jarraituz egindako poemak errezitatzera gonbidatu dute jendea. Kantaldia egingo dute 21:30ean, eta Dervish-ek girotutako gaua izango da 23:00etatik aurrera.
