Gasteizko Artium Museoak Edurne Rubioren 'Clamor' erakusketa antolatu du

Gasteizko Artium Museoak Edurne Rubioren 'Clamor' erakusketa antolatu du Gizarteak baztertutakoen ehorzlekuak erakusten ditu filmak, eta toki horien argazkiak eta testuak ere badira erakusketan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gasteizko-artium-museoak-edurne-rubioren-clamor-erakusketa-antolatu-du/@@download/image/mozon2.jpg
2022/08/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gizarteak baztertutakoen ehorzlekuak erakusten ditu filmak, eta toki horien argazkiak eta testuak ere badira erakusketan.
Gasteizko Artium Museoak Edurne Rubioren 'Clamor' erakusketa antolatu du

Artium Museoak Edurne Rubio artistaren Clamor proiektua erakutsiko du irailaren 18ra arte, Z aretoan. Clamor egilearen azken filma da eta bertan heriotza da ardatza, eta hiri eta herrietatik kanpo kokatutako ehorzlekuetara egindako bisita. Hilerri katolikoetatik aparteko guneetan hartu zuten atseden pertsona anonimo, ateo, suizida edo errepresaliatuen hilotzek. "Duela ez asko arte, bataioa jaso aurretik hildako suizidak eta haurtxoak ez zituzten onartzen hilerri katolikoetan. Etxekoak, etsiturik, beren gorputzentzako leku duin baten bila ibiltzen ziren isilpean. Mendia eta haizea partekatzen dituzte ehorzketa horiek fusilatuekin, ateoekin, oinezkoekin, protestanteekin... Kanpaiek inoiz ez zuten «besteentzat» jo eta, hala ere, hilerritik kanpo, erakundetik kanpo, heriotza paisaia bihurtzen da", azaldu dute.

Filmaren proiekzioaz gain, Rubiok bisitatutako tokietako batzuen zazpi argazki biltzen ditu erakusketak, bakoitzari buruzko kontakizun laburrarekin batera. Honako toki hauek ikus daitezke: Mozoncillo de Juarrosko protestante eta oinezkoentzako beste hilerria, Gerra Zibilaren hasieran Orbaneja del Castillon fusilatutako hiru gazteren hilobia, Rio Ubierna merindadeko Burdin Aroko nekropolia, Esteparreko hobi komuna, Villaespasako ateoen eta bataiatu gabekoen hilerria…

Edurne Rubio Bruselan bizi den artista bisuala da, eta erakusketen, performancearen, zinemaren eta arkitekturaren arloetan lan egiten du. Denboraren eta espazioaren pertzepzio indibidual edo kolektiboaren inguruan ikertu du, eta bere lana dokumentalarekin eta antropologiarekin lotuta dago; elkarrizketak, artxiboko irudiak eta ahozko komunikazioari buruzko ikerketa ditu langai.