Gari Garaialderen argazki liburua datorren astean aurkeztuko dute

Gari Garaialderen argazki liburua datorren astean aurkeztuko dute https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gari-garaialderen-argazki-liburua-datorren-astean-aurkeztuko-dute/@@download/image/201211155657gari_azala.jpg
2012/12/13
berria
Kartzeletan dispertsatuta dauden euskal presoen senideek egiten duten bidea ezagutzeko, Gari Garaialdek 2005 eta 2009 bitartean Herrera de la Manchako presondegira egindako bidaietatik sortu da 'Zu ikusteko bidean'. Argazki liburua baino gehiago da, eta Edo! Argitaletxearen eskutik azaroaren 23an aurkeztuko dute lana Donostian.

"Nire argazkien helburu naturala prentsa da". Argi du Gari Garaialde hondarribiarrak. Oraingo honetan, baina, erreportaje itxurako argazki bilduma osatu du, eta Edo! Argitaletxeren laguntzaz argitaratu. Hain zuzen, Garaialderekin eta argitaletxeko ordezkariekin izan ginen urrian; hemen orduan jasotakoak.

Begikoak izeneko bildumaren baitako lehen lana da Garaialderena, zuri-beltzezko irudiez osaturiko liburua. Herrera de la Manchako espetxera egindako bidaietan bildutako argazkiak dira, senitartekoen bidaiak erakusten dituztenak, horren ohikoak izanagatik bereziak eta bakarrak diren bidaiak.

Errealitatea, handikeriarik gabe, islatu du 40 irudiotan. Lana Durangoko Azokako Ahotsenea gunean ere aurkeztuko dute, eta Kaxildan eskuratu ahal izango da. Baita Edo! Argitaletxearen bazkide edo harpidedun eginda ere.

Aurkezpena, Kaxildan

Lanaren aurkezpena Donostiako Kaxilda liburudendan egingo dute, argitaletxearen bulego nagusi bilakatu den gunean. Azaroaren 23an, 19:00etatik aurrera, liburutik kanpo geratu diren irudiak eta egileak egindako grabazioak proiektatuko dituzte. Halaber, Mikel Etxaburu, hitzaurrearen egilea, izango da ekitaldian, eta proiekzioaren ostean solasaldia eskainiko dute biek.

Gari Garaialde


Hondarribiarra gustuz, atseginez hasi zen argazkiak egiten. Ingalaterran, ingelesa ikasteko egindako bidaian, hasi zen kameraren sekretuak ikasi eta menderatzen, eta pixkanaka, lan txikiak egiteko aukera lortu zuen. Gaur egun ArgazkiPress agentzian dihardu lanean.