Gari Arambarri aukeratu dute Igartubeiti Baserri Museoko Ars Natura artisten egoitzarako
Gari Arambarri artista aukeratu du epaimahaiak otsailetik martxora Zerainen izango den Ars Natura egoitza artistikoan parte hartzeko. Epaimahaiak bere prestakuntza artistikoa "oso interesgarria" dela nabarmendu du, gai feministetan eta Queer-ean izandako ibilbidea baloratu ditu, eta baita hainbat diziplinen bidez -eskultura, instalazioa, bideo sorkuntza eta sorkuntza literarioa- istorioak sortzeko duen gaitasuna ere.
Ars Natura egoitza Zerainen egingo du otsailaren 13tik martxoaren 19ra bitartean. Egoitza artistikoaren helburua lurraldean bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketak proposatzea da, landako eta hiriko naturak kontzeptu-esparru gisa hartuta.
Artistak lehen topaketa bat egingo du zeraindarrekin, eta bertan bere proiektua azalduko du. Gainera, herritarrei zuzendutako tailerra ere egingo du. Bestetik, egindako proiektuaren piknik -performance bat ere izango da. Sormen prozesuaren aurkezpena ere egingo du martxoan Igartubeitin izango den Ber (topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak topaketan.
Gari Arambarri Arregui azkoitiarra Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. Artearen Historian graduatua da eta arte garaikide teknologiko eta performatiboan masterra egin du. Egoitzak egin ditu BilbaoArten, Tabakaleran, LABen Elkargunean eta Dinamoan. Iaz bakarkako lehen erakusketa egin zuen Koldo Mitxelena kulturunean, JAIren Tabakalerako ikasketa-programan parte hartu zuen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zuen arte plastikoak ekoizteko.

