Garbiñe Insausti: "Ikuslegoa emozio batetik bestera daramagu"

Garbiñe Insausti: "Ikuslegoa emozio batetik bestera daramagu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garbine-insausti-ikuslegoa-emozio-batetik-bestera-daramagu/@@download/image/kulunka_garbine_1378463736.jpg
2013/09/09
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
Antzerkiaren ohiko hizkuntza eszenikotik haratago, hitzik eta aurpegi espresiorik
gabeko obra aurkeztu du Kulunka Teatroak, ‘Andre eta Dorin’. Konpainiaren
fundatzaile eta bertako aktore den Garbiñe Insaustirekin (Hernani, 1981) izan gara.


84 urte zituztela, elkarrekin buruaz beste egin zuten Andre Gorz filosofo frantsesak eta haren emazte Dorine Keirek. 2007. urtea zen, eta albistea egunkarian irakurri zuten Garbiñe Insausti eta Jose Dault aktoreek. Antzerki konpainia propio bat sortzeko ideia buruan zebilkien orduko hartan, eta gertaera hura izan zen proiektua abian jarri zuen sugarra. Hala, 2010ean estreinatu zuten Andre eta Dorin obra mutua, Alzheimerra duen adineko emakume baten eta bere senarraren arteko amodiozko istorioa. Malasian izan ziren apirilean, Turkian maiatzean, eta ekainaz geroztik lan berria prestatzen ari dira Madrilen.
 
Zein da keinuen obra baten erronka nagusia?
Maskaren lengoaian adituak ez ginenez, alderdi artistikoa ikaragarri landu behar izan genuen, ikusleek obra ulertuko ez zuten beldur baikinen. Hizkuntza honetan fin aritu behar da, mugimendu, akzio, objektu bakoitzak esan nahi bat duelako, eta guztia oso ongi landu behar da esan nahi duzun hori, eta ez beste ezer, mugimenduen bidez ulertarazteko. Amaierarako koreografia moduko bat bilakatu da, eta obra estreinatu genuenetik ia hiru urte pasa diren arren, lanean jarraitzen dugu geroz eta argiago eta finago aurkezteko.

Maskarek, ustez, emozioen trasmisioa zailtzen dute; ustez diot, zuei guztiz aurkakoa gertatzen zaizuelako. Nola lortzen duzue ikusleengana iristea?

Unibertsala den istorio bat kontatzen dugu, unibertsala den hizkuntza batean. Duela urte batzuk, Familie Floz konpainia alemaniarraren bitartez deskubritu genuen maskarek adierazteko eta komunikatzeko ikaragarrizko boterea dutela, eta istorio honetan pentsatzen hasi ginenean, intuizio moduko bat izan genuen, gauza biak batzekoa. Hortik aurrera, istorioa eraikitzen hasi ginen, komediazko momentuak eta hunkigarriagoak direnak tartekatuz, ikuslegoa emozio batetik bestera eramanez.

Oker ez banago, gainera, zuk egin dituzu maskarak, ezta?
Bai, hala da, autodidakta moduan. Ez dut ikasketa espezifikorik, baina nire familiak lotura berezia izan du beti arte ederrekin, eta txikitatik izan dut aukera eskulanetan aritzeko.

Antzerki munduan dabilen edozein aktorek amestuko lukeen nazioarteko bira egin duzue urteotan. Zein izan da gakoa?

Hizkuntzaren muga gainditzeak ibilbidea erraztu digu, dudarik gabe. Baina aldi berean, arestian esan bezala, istorio unibertsal bat kontatzen dugu, edozein herrialdetan uler daitekeena. Oso leku desberdinetan egon gara, kultura, bizimodu, ohitura, karakter, itxura… anitzeko jendearekin: New York, Katmandu, Istanbul, Shanghai, Bogota, Patagonia eta abar luze bat. Baina ohartu gara, azken finean, batzuen eta besteen artean ugariagoak direla batzen gaituzten gauzak, banatzen gaituztenak baino, eta uste baino berdinagoak garela. Eta hori, opari eta ikasketa bikaina izan da guretzat.

Suposatzen dut herrialde bakoitzean antzerkiarekiko jarrera, harreman eta kultura ezberdinak dituztela. Nola hartu zaituztete?

Harrera bikaina jaso dugu beti. Egia da herrialde bakoitzean, eta baita batetik bestera ere, ikuslegoa ezberdina dela, eta kuriosoa da desberdintasun txiki horiek ikustea. Adibidez, Kolonbia eta Kuba bezalako herrialdeetan publikoa oso adierazkorra da, eta oso modu irekian partekatzen dituzte emozioak; beste batzuetan, aldiz, gutxiago. Baina agurrean eta antzokitik irtetean beti jasotzen ditugu publikoaren berotasuna eta gertutasuna.

Zertan zabiltzate orain?
Udazkenerako estreinatuko dugun ikuskizuna prestatzen ari gara. Andre eta Dorin-ekin bezalaxe, istorio bat kontatzeko beharretik sortu da, egungo egoera sozio-ekonomiko latzarekin loturik.

Zein egoeratan dago antzerkigintza?
Nahiko gaizki. Espainiar estatuan udaletxeek ez dute apenas dirurik kulturan inbertitzeko, eta horrek antzerkia programatzeko ahalmena murriztu die; eta antzerki konpainia eta obra asko prest dauden arren, ez dago haientzako merkaturik. BEZaren igoerak kalte handia egin dio industriari, ikuslegoa murriztu duelako, eta baita konpainiei ere. Gainera, politika kulturalari loturiko beste hainbat faktore daude... Baina hein batean, gurean oraindik inbertitzen da kulturan, eta diru-laguntzak eta aurrekontuak asko murriztu dituzten arren, beste autonomia erkidegoekin alderatuz, babes handiagoa jasotzen dugu.

Zergatik uste duzu kostatzen zaigula horrenbeste antzerkira joatea?
Arrazoi askogatik, konplexua da. Kultur kudeatzaileek ardura handia dute, kalitatezko programazio anitz bat eskaini eta antzerkia herritarrengana hurbildu behar dutelako. Eta lan hau eskoletatik hasi beharko litzateke, arte eta kulturarekiko jakin-mina eta irrika sortu eta elikatuz. Kultura ez da entretenimendua soilik, gizartea elikatzeko eta aberasteko modu bat baizik, eta hori goi mailako instituzioek ulertu beharko lukete. Horretaz gain, noski, honetara dedikatzen garenon ardura dago, kalitatezko produktuak eskaini behar ditugulako.