Garazi Kamiok irabazi du Mikel Zarate haur literatura saria
Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak Garazi Kamioren Bikini nobela izendatu du Mikel Zarate haur literatura sariaren irabazle. Idazle andoaindarrak 3.000 euroko saria jasoko du eta liburua ere argitaratuko du Elkar argitaletxearen bidez.
Bikini izeneko nobelak bullying istorio bat kontatzen du, baina biktimaren edo erasotzailearen ikuspegitik izan beharrean, ikusle hutsa den eta egoera deserosoan sentitzen den haur baten ahotik adierazia.
Garazi Kamio Andoainen jaio zen 1979an. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Irakasletza ikasitakoa da. Kazetari lanetan aritu izan da, baina ingeleseko irakaslea da gaur egun. Aurretik Beste norbaiten zapatak (2012, Igartza Saria) eta Orube abandonatuak (2014, Augustin Zubikarai Saria) narratiba-lanak argitaratu ditu, haur literaturako hainbat kontakizunez gain.
Hamasei lan lehiatu dira hamahirugarren edizio honetan. Iaz, Karmele Mitxelenak irabazi zuen sariketa Marrubizko uda kontakizunarekin.
