Garazi Etxebarria Azurmendiren margolanez osatutako erakusketa jarri dute Bilboko Rekalde aretoan
Sorkuntza artistikorako bekak ematen dituen Barriek programaren barruan, Rekalde Aretoak Garazi Etxebarria Azurmendiren erakusketa ireki du. Sortzailearen lan berrienetako batzuk ikus daitezke bertan, kolorea ardatz dutenak. Izan ere, Etxebarriak kolorea erabiltzen du adierazteko tresna gisa eta asko zaintzen du alderdi hori.
Erakusketan hainbat dimentsiotako sei obra daude ikusgai. Tamaina handiko obra gehienak mihisetan eginak dira, eta piezetako bat, txikiena, paperean dago. Artistak hainbat prozedura artistiko erabiltzen ditu, besteak beste, akrilikoa, olioa, barra-olioa eta espraia.
Garazi Etxebarria Azurmendi (Galdakao, 1996) Arte Ederretan graduatua da EHUn eta pinturako masterra ere egin zuen. Bere obra banakako erakusketetan erakutsi du Euskal Herrian eta Italian, eta erakusketa kolektiboetan ere parte hartu du.
Erakusketa irailaren 3ra arte izango da zabalik.
Jarduera osagarriak
Erakusketa ez ezik, hainbat ekintza ere izango dira. Ekainaren 17an, bi eta lau urte bitarteko haurrentzako Perimetroak izeneko familia tailerra egingo da. Ekainaren 22an eta 23an ingelesezko tailerra izango da sei eta hamabi urte artekoentzat, eta ekainaren 27an eta 28an, berriz, udan tailerra, hiru eta hamaika urte bitartekoentzat. Azkenik, ekainaren 29an eta 30ean, hiru eta hamaika urte artekoei zuzendutako Ibilbideak tailerra egingo da.
Jarduera guztiak doakoak izango dira eta aldez aurretik eman beharko da izena 944068532 telefono-zenbakian edo salarekalde@bizkaia.eus webgunean.
