Garazi Etxaburu: “Euskal Dantza Konpainia Nazionala behar dugu”

Garazi Etxaburu: “Euskal Dantza Konpainia Nazionala behar dugu” Dantzaz konpainian zebilenetik gertutik jarraitu dugu Garazi Etxaburu (Ondarroa, 1993) dantzariaren ibilbidea. Poloniako Gdansk hiriko Bałtycki Teatr Tanca konpainian aritu da 2016an, bere aurreneko urte profesionala osatu du han, eta balantzea egitera lotu dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garazi-etxaburu-201ceuskal-dantza-konpainia-nazionala-behar-dugu201d/@@download/image/GARAZI_ETXABURU_01.jpg
2017/02/16
elkarrizketa

Igone Mariezkurrena

Dantzaz konpainian zebilenetik gertutik jarraitu dugu Garazi Etxaburu (Ondarroa, 1993) dantzariaren ibilbidea. Poloniako Gdansk hiriko Bałtycki Teatr Tanca konpainian aritu da 2016an, bere aurreneko urte profesionala osatu du han, eta balantzea egitera lotu dugu.

Tira ba, zer moduz joan zaizu urtea Polonian?
Eskolatik edo, nire moduan, Dantzaz bezalako ‘tranpolin’ batetik irten eta konpainia handi batean sartzea ez da pauso erraza. Ballet handietan dantzariek beren papera eta lekua dute, dagoeneko osatua dagoen zerbaitetan sartu behar duzu berria izanik, eta zaila da. Hasieran, gainera, ez duzu kasik dantzarik egiten, oraindik ez zaituztelako ezagutzen eta ez dakitelako zer egiteko gai zaren. Kosta egiten da zuzendariaren eta dantzakideen konfiantza irabaztea.


Ikasketa handiena?
Gdansken hamar urteko karrera duten dantzari helduagoak ezagutu ditut, 30–35 urteren bueltan dabiltzan profesional esperientziadunak. Eszenatoki gainean egoten irakatsi didate, trankil aritzen, profesionalki jarduten. Eta nire begiekin ikusi dut badagoela aukera urte luzez honetatik bizitzeko. Egia da Dantzaz-en energia eta eferbeszentzia berezia genuela, denak gazte-gazteak ginelako, grinaz beteak; Baltyckin, aldiz, atzeman dut dantzariak modu sistematizatuagoan aritzen direla edo gehiago disoziatzen dituztela bizitza pertsonala eta dantza: eskolara hurbildu, eguneko zortzi orduak egin, eta ospa. Energia falta sumatu dut, baina esperientziak orekatu du balantza.


Aizu, dantzakerak ba al du herritartasunik? Hau da, modu ezberdinean dantzatzen al duzue jatorri ezberdineko dantzariek?
Bai. Herritartasunak izaera markatzen duen moduan, dantzakera ere baldintzatzen du, eta kasu batzuetan nabarmenagoa da beste batzuetan baino. Eskandinaviarrak, adibidez, oso trankilak dira, mugimendu lasaiagoak eta geldiagoak egiten dituzte. Italiarrak, berriz, pasio handikoak dira. Beharbada, euskaldunak nolakoak garen esatea da zailena [barrez]... indartsu eta gogoz aritzen garela esango nuke. Alemaniarrak, poloniarrak, errusiarrak askoz hotzagoak dira: irribarrerik ez, ahalik eta berba gutxien, eta kanpotarrekin ere hurbilpen gutxi, beti defentsa-jarreran... Mediterraneokoekin eta eskandinaviarrekin hobeto moldatu naiz!


Dantzari baten berezko dantzakera definitzea garrantzitsua da. Nondik edaten du zureak?
18 urte arte ballet formakuntza klasiko eta zurruna jaso nuen, nire barnekaldeari begiratzeko aukera handiegirik gabe. Dantzaz-etik deitu zidatenean mundu berri bat zabaldu zitzaidan begi aurrean, jende berria ezagutu nuen eta uste dut, ordutik, urte hauetan nire kide izan diren guztietatik edan dudala zerbait. Behatu, galdetu eta bakoitzarengandik gehien gustatzen zaidana niretzat hartzen saiatzen naiz. Puzzle horretatik abiatuta, urteekin, esperientziarekin, praktikarekin, inprobisazio ordu askorekin eta hanka-sartzeekin ere nire berezko dantzakera fintzen joan naiz. Neure burua ere gehiago ezagutzen dut orain, badakit zeri atera diezaiokedan zuku handiagoa. Bideoak ikustea eta emanaldietara ikusle gisa joatea ere oso garrantzitsua da eta, batez ere, oso argi edukitzea zer gustatzen zaizun.


Esan didazu ballet klasikoak ez zizula aukerarik eman barrura begiratzeko.
Hala da. Klasikoak ez du nork bere ekarpena egiteko edo nork bere izaera islatzeko zirrikiturik uzten, posizio eta mugimendu bakoitza teknikoki erabat definituta dago klasikoan, eta perfekzio horretara gehien hurbiltzen dena da dantzari onena, besterik gabe. Zentzu horretan, nahiko diziplina inpertsonala edo hutsa iruditzen zait; egunero gauza bera, egunero perfekzionatzen, zentzugabea da. Horregatik, Gasteizko Kontserbatorioko irakasleek konpainia klasiko batera joan beharko nukeela esaten zidaten arren, nik nahiago izan nuen dantza garaikidera jo, nahiz eta beti erabiltzen dugun klasikoa oinarri gisa edo beroketetarako.


Eskolatik kanpo ere aurki daitezke dantza-hizkuntza berriak, ezta?
Bai, jakina. Koreografoek askotan proposatzen dizkigute halako ariketak: imajinatu kalatxori bat zaretela hegan, edo itsasazpiko alga bat, edo islatu kalean ikusten dituzuen eguneroko mugimenduak, edo ura edaten ari zaretela has zaitezte dantzan... Dena dela, eskolatik kanpo ez pentsa kalean une oro txip hori piztuta ibiltzen naizenik mugimendu bila eta abar. Deskonektatzen saiatzen naiz.

 

Baina dantzak munduari begiratzeko eta entzuteko galbahe berezi bat ematen dizue. Ziur aski zuk eta nik ez dugu musika modu berean entzungo...
Tira, normalean, musika entzuten dudanean mugimenduak irudikatzen ditut buruan, edo eszenaratze bat imajinatzen dut. Bestalde, jende inkonformista samarra garela esango nuke; ez dugu postu finkoa bilatzen konpainia jakin batean, esperientzia berriak probatu nahi ditugu etengabe, eboluzionatu...


Musika ez den beste gauza asko ere dantza daitezke, ala? Kolore bat, usain bat, paisaia bat...
Bai, noski. Dantzaz-en nenbilenean, Basque Culinary Center-ekoekin egin genuen halako zerbait. Prestatutako jakietatik abiatuta, plater haiek iradokitzen zigutena dantzatu genuen. Koloreari, usainari... erreparatzen genion. Niri, adibidez, gorriak mugimendu arinak eta indartsuak iradokitzen dizkit; pastel koloreek, agian, zer edo zer lausoagoa... eta horrela goaz dantza eraikitzen. Sukaldeko labanak barazkiak mozten dituenean eragiten duen soinuarekin ere has zaitezke mugimenduak irudikatzen... Bai, munduari begiratzeko beste modu bat da.


Etorkizunari begira, badirudi arte sorkuntzaren ezaugarri nagusia fusioa izango dela. Emanaldi berean nahastuko dira zuzeneko musika, dantza, ikus-entzunezko baten proiekzioa eta, beharbada, moda desfile bat, adibide bat jartzearren. Sorkuntza nozio berri hori presente duzue eskoletan? Lantzen duzue?
Europan halako asko ikusten ari gara, bai, baina ez pentsa eskoletan propio lantzen dugunik; gerora artisten artean sortzen diren sinergiak dira. Hona, beharbada, joera fusiozale hori ez da iritsi oraindik. Euskal Herrian, bai, ohitura handia dago dantzariak ekitaldi politikoetara edota inaugurazioetara ekartzeko, programa nagusiaren osagarri modura. Horrek dantzariok gutxiesten gaituela iruditzen zait, petatxu modura jartzen gaituzte hor: “Dantza ezazue zerbait bitartean”, esaten digute enkargua iristen denean. Baina... nola “zerbait”??!! Zer dantzatu? Zertarako? Zer helarazteko? Ez dute ulertzen guk egunean zortzi ordu ematen ditugula honetan! Ulertu eta kontuan hartuko balute, ez lituzkete horrelako eskaera funts gabeak egingo. Bestalde, nahastearen kontu horrekin jarraituta, Euskal Herrian tradizionala eta garaikidea fusionatzeko joera nagusitu da eta Kukai bezalakoek bikain egiten dute oinarri tradizional oso ona eta ikuspegi berri ederra dutelako. Baina beste konpainia askok nahastearren nahasten dute, nolabait bogan egotearren, tendentzia honetan kokatzearren... eta ez dute asmatzen.


Beste zenbait artistari gertatzen zaien bezala, zuk ere sentitzen al duzu presiorik ahalik eta interdiziplinarren izateko?
Tira, zenbat eta saltsa gehiagotan sartuta ibili, orduan eta ate gehiago zabalduko zaizkizu; baina, era berean, dispertsoago ariko zara, helburuak lausotuko zaizkizu... agian musikaletan sartu... aktore hasi... niri ez zait gustatzen iparra galtzea.


Estetikak zenbateko pisua du honetan?
Pff! Erabatekoa, nahiz eta ez zaigun gustatzen onartzea. Dantzari batek, bere curriculumean, altuera, pisua, ilea eta begien kolorea... zehaztu behar ditu. Konpainia baterako hautaketa-probara joan aurretik argazkia bidaltzea ezinbestekoa da, eta hori lehen iragazkia izan daiteke. Gerta daitekeelako propio ilehori bat behar izatea obra jakin baterako, edo estetikoki berezia edota arraroa den jendea, agian neska txiki eta arinak behar dituzte obrak mugimendu aereo asko dituelako... Auskalo! Polonian, adibidez, altuak eta hilehoriak printzesak izaten dira beti; txiki samarra eta beltzarana bazara, deabrutxo izatera kondenatuta zaude. Hala da.


Dantzari batzuk koreografo bilakatzen dira denborarekin. Ez dakit zure planen artean ote dagoen...
Ez. Nahiago dut koreografo baten proposamena neure erara interpretatu. Gainera, koreografo garaikideak nahiko malguak dira, gure ekarpena egiteko tarte handia uzten digute; ideiak baitituzte buruan, ez mugimendu zehatzak. Dena dela, lan zailegia iruditzen zait beraiena: lehenik eta behin ideia eduki behar duzu, eta horri dantzaren bitartez forma nola eman pentsatu behar duzu. Zenbateko iraupena eman, zenbateko bolumena... Gero dantzariak aukeratu behar dituzu, bilatzen duzun horretarako egokienak. Argiztapena, musika, jantziak, eszenaratzea... oso zaila da.


Hala ere, zu, inprobisatzen duzunean, neurri batean bazara koreografo. Zeure buruaren koreografo.
Bai, tira... Baina inprobisatzen dudanean ez dut pentsatzen, alde emozionaletik aritzen naiz, bulkadetatik, gorputzari egiten uzten diot. Koreografia bat muntatzea, ordea, ariketa zeharo arrazionala da, ondo pentsatu behar da dena, gero lantaldeari azaltzeko eta erakusteko, justifikazio bat behar du, eta kanpotik publikoak nola ikusiko duen ere oso presente eduki behar da, jendearen gustuko produktu bat pentsatu behar da.


Zer behar du inprobisatzaile on batek?
Teknika, baliabide asko, imajinazioa, eta zeure buruari mugarik ez jartzea, lotsa edo beldurrik gabe aritzea, probatzea, nahiz eta hanka sartu. Ez da komeni autokritikoegia izatea. Dena dela, aipatu dudan lehenengo gauza teknika da, ez ahaztu. Iruditzen zait, tamalez, ‘dantza’ eta ‘garaikidea’ hitzak errazegi darabiltzala jendeak. Zorizko mugimendu eroak ez dira dantza, ezta garaikidea ere. Dantzariak teknika behar du oinarrian, kalitatea eskaini behar du, eta horretarako lana eta dedikazioa beste errezetarik ez dago. Dantzariak dantza bere bizimodu gisa ulertzen du. Dantzaria betirako da dantzari, egunero, une oro.


Zuk Euskal Herritik irten behar izan duzu honetatik bizi ahal izateko. Zer aldatu beharko litzateke halakoak halabeharrez ez gertatzeko?
Euskal Dantza Konpainia Nazionala behar dugu, ona eta profesionala, kanpokoak ere hartuko dituena, e! Elkarrekin ikasteko. Politikari eta instituzioek egin dezaketen ekarpen berehalakoena dirua da, kultura aurrekontuak handitzea. Hedabideek, bestalde, merezitako garrantzia eta presentzia aitortu beharko liokete dantzari, uste dut egiten diguten tarte eskasean ez dela islatzen dantzarion efortzua eta dedikazioa. Jendartea ezjakina da, ez daki zer dagoen honen atzean, eta horrela nekez baloratuko dute. Hezkuntzan ere hutsune handia dago; Dantzaz-ekin eskoletara joaten ginen umeen artean aritzera, eragitera, ikus zezaten posible dela pertsona bat dantzatik bizitzea. Agian, espero dut baietz, baten bat etxera itzuliko zen gurasoei esanez dantzari izan nahi zuela. Saio hauetan, besteak beste, atzeman genuen oraindik ere aurreiritzi asko daudela mutil dantzariei eta homosexualitateari lotuta; oso kezkagarria da, ezjakintasuna erabatekoa da. Europan gauza hauek gaindituta daude, neska-mutilek txikitatik dutelako harremana kulturarekin. Alemanian, adibidez, herri bakoitzak bere antzokia du, eta antzoki bakoitzak bere dantza konpainia. Gurean dantza ez dago presente jendartean; Ondarroan ere atzematen dut, ‘arraroa’ naiz, Poloniara zertara eta dantzatzera joan dena....