Garazi Dominguez, Maddi Ormazabal, Odei Guirado eta Ana Jaunarenaren gradu- eta master-amaierako lanak saritu ditu Mintzolak
Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu- eta master-amaierako zortzi lan saritzeko deialdia argitaratu zuen martxoan. Euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa aukeratu izana saritzea du helburu deialdiak.
Sei eskaera aurkeztu dira deialdi honetan, gradu-amaierako lanen egitasmoak hiru, eta gainerako hirurak master-amaierako proposamenak. Epaimahaiak ondoko lau egitasmo hauek hautatu ditu: Garazi Domínguez Mezquitaren Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa; Maddi Ormazabal Suduperen Euskal hizkeraren erritmoa; Odei Guirado Irasuegiren Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz; Ana Jaunarena Mendiondoren Nokaren higatzea Ortzaizen.
Hautatutako proiektu bakoitzak 1.500 euro gordin jasoko ditu, eta egileek 2024ko irailaren 30erako entregatu beharko dute lana amaituta.
