"Garagardo betaurrekoak": alkohola edateak jendea ederrago ikusarazten al digu?

"Garagardo betaurrekoak": alkohola edateak jendea ederrago ikusarazten al digu? Alkohola edan ahala jendea erakargarriagoa edo ederragoa iruditzen zaigula uste izan dugu, baina hala ote da benetan? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/garagardo-betaurrekoak-alkohola-edateak-jendea-ederrago-ikusarazten-al-digu/@@download/image/pexels-ketut-subiyanto-5055754.jpg
2025/03/06
erreportajea

Testua: Maitane Legarreta

Alkohola edan ahala jendea erakargarriagoa edo ederragoa iruditzen zaigula uste izan dugu, baina hala ote da benetan?
"Garagardo betaurrekoak": alkohola edateak jendea ederrago ikusarazten al digu?

Alkoholak badu bere pisua gure gizartean eta sozializatzeko moduan. Zer esanik ez ligatzeko orduan. Sarritan aipatu izan da alkohola edateak ingurukoak ederrago ikustea eragiten duela, hau da, jendea dena baino ederragoa iruditzen zaigula. Zenbat pelikulatan ikusi izan dugu pertsonaia nagusia parrandan atera, alkohola edan, norbait ezagutu, harekin oheratu eta hurrengo egunean izututa geratu izana ohean ondoan duena nolakoa den konturatzean?

Efektu honi "garagardo betaurrekoak" deitu izan zaio. Burmuinean jendearen erakargarritasun maila ebaluatzeaz arduratzen diren guneen gaitasuna murriztu egiten dela esan izan da, eta horren ondorioz gauza positiboak nabarmendu egiten direla eta bestela ikusiko zenituzkeen gabeziei edo akatsei ez diegula hainbeste erreparatzen. Horretaz gain, norbere burua ere ederragoa iruditzen omen zaigu eta horrek konfiantza hauspotzen omen du.

Baina zabaldu izan den uste hori benetan hala ote da? Kaliforniako Stanford unibertsitatean Molly A. Bowdring eta Michael A. Sayettek egindako ikerketaren arabera, ez da hala. 36 gizon aukeratu zituzten ikerlan honetarako, 21 eta 27 urtekoak, eta gehienak zuriak. Laborategian bi saio egin zituzten haiekin eta alkoholdun eta alkoholik gabeko edariak eman zitzaizkien, eta ondoren bideo eta argazkietan agertutako pertsonen erakargarritasuna neurtu zuten Likert eskala erabilita. Horretaz gain, parte-hartzaileek lau pertsona aukeratu zituzten etorkizuneko ikerketa batean eurekin elkarreraginean aritzeko. 

Ikerketa honek erakutsi duenez, garagardo betaurrekoen efektua ez da benetakoa. Alkoholak ez du eragiten edertasuna hautemateko garaian, baina bai erakargarria iruditutako norbaitengana hurbiltzeko. Hau da, gure buruarengan dugun konfiantza indartzen du, "ausardia" ematen du, lotsa galduarazi nolabait. Ikertzaileen hitzetan, "alkohola edan ondoren aukeratutako lau hautagaiengana gerturatzeko prestuago agertu ziren, baina ez zuen eraginik izan erakargarritasunaren inguruan hasieran egindako neurketetan". 

Hortaz, begi-bistakoa da alkoholaren beharrik gabe jendearengana gerturatzeko gaitasuna lantzeko premia dugula, ezta?