'Game Of Thrones' telesailak parke tematikoa irekiko du

George R. R. Martin idazlearen unibertsoak gehiagorako eman ezin zezakeela uste bazenuten, adi; Ipar Irlandan Game Of Thrones unibertsoa oinarri izango duen parke tematikoa irekiko dute 2021. urtean. Zehazki, Banbridgen irekiko dute, Linen Mill estudioetan.
Parkeak Game Of Thrones Studio Tour izena du, eta HBOrekin elkarlanean sortu dute. Gauzak horrela, horrenbeste jarraitzaile izan dituen telesaileko dekoratuak eta objektuak ikusteko aukera izango da parkean; Invernalia, izoztutako harresia, Kingslanding, eta noski, Gaztelugatxe oraindik ere famatuago bilakatu duen Dragonstone, besteak beste.
Hain zuzen, parke honek apur bat lasaituko ditu horrenbeste turista izan dituzten eremu natural horiek; Gaztelugatxerekin batera, Adrianoren harresiak ere nabarmen sufritu du telesailaren harira etorri diren turista hordekin. Parkeak arnasa eskainiko die leku horiei, hain zuzen, 10.000 metro koadroko espazioa prestatu baitute telesailaren fan masak jasotzeko.
Parkeak omenaldi berezia eskainiko dio telesailari eta bertan erabilitako objektu, dekoratu eta bestelako elementuei; ala, bisitarekin produkzioaren sekretu guztiak ezagutzeko aukera izango da, eta adibidez, dragoiak egiteko edo guda odoltsuak antzezteko erabilitako teknika informatikoak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste.