Game Of Thrones: Negua badator

Game Of Thrones: Negua badator https://www.gaztezulo.eus/albisteak/game-of-thrones-negua-badator/@@download/image/labean05_1478785215.jpg
2016/11/09
erreportajea
Ane Urrutikoetxea @aneurruti
Negua badator eta Stark familiak horrenbeste aldiz errepikatu duen moduan, hobe prest egotea. HBO telebista katea erregea da suspensea sortzen, eta Game of Thrones sagaren seigarren denboraldia hoztu aurretik, zazpigarrena errodatzen hasi dira. Dagoeneko jakingo duzuenez, aukeratutako eszenatoki berrien artean Euskal Herriko kostaldea dago, Zumaiako Itzurun hondartza, tartean.

Nolatan amaitzen du milioika zale dituen mundu mailako telesail jarraitu eta sarituenetako batek Euskal Herriko txokoetan errodatzen? Zumaian, harrituta daude oraindik. Itzurun hondartzan sekulako ikusmina sortu da; antza, itsasertzetik Khaleesi bere hiru dragoi eta dothrakiz betetako milaka itsasontziekin agertuko da.

HBO telebista kate estatubatuar prestigiotsuak 2011. urtean eraman zuen pantaila txikira George R. R. Martin idazleak sortutako liburu saga. Erdi Aro kutsua duen istorio odoltsu eta krudelak aztoramen handia sortu du orduz geroztik; telesailak ospe handia hartu du, besteak beste, protagonistak diren pertsonaiak gupidarik gabe zigortu eta akatzen dituztelako. Fantasia eta mitologia istorioaren bigarren plano batean utzita, politikak, botere lehiak, sexuak eta indarkeriak hartzen du erabateko protagonismoa; Zazpi Erreinuetako Burnizko Tronua bereganatzeko borroka zikin eta korapilatsua etengabe nahasten doa, onak ziruditenak gaizto bilakatuz, eta alderantziz. Pertsonaietako bat faborito bilakatzea arriskutsua da zaleentzat, heriotzarik ikaragarrienaren protagonista berria izan daitekeelako.

Jon Iraola Zumaiako kultur zinegotzia HBOren eta udalaren arteko harremanak kudeatzeaz arduratzen ari da eta bere esanetan, sorpresa izugarria eraman zuten katearen deia jaso zutenean: "Bertigo puntu bat sentitu genuen HBO bezalako ekoiztetxe baten deia jasotzean, eta segituan loteria tokatu balitzaigu bezala sentitu ginen. Zuzenean alkatearekin biltzeko eskatu zuten, eta lehen egun horietan, erabateko sekretupean eduki zuten. Alkateak aurrera egiteko baimena eman zienetik hona, dena egin dute oso zuzen eta zorrotz". Hilabeteko elkarrizketen ondoren jarri zuten errodatzeak egiteko egutegia, eta hondartza erabiltzeko baimen guztiak eskatzen hasi zen AEBetako katea. "Oso profesionalak dira; ez dute pauso bakarra ematen beharreko baimen eta paperak bete gabe".

Iraolaren arabera, udalak ere serioski hartu du errodatzeak Itzurunen izan ditzakeen eraginak. "Baiezkoa eman aurretik Bardeetara deitu genuen, bertan errodatzen ibili baitziren aurrekoan. Esperientzia oso ona izan zutela esan ziguten, oso serioak eta txukunak izan zirela, ingurumenarekin oso garbiak, eta ingurua zegoena baino hobeto utzi zutela. Horrek asko lasaitu gintuen". Ostalaritzari eta bertako dendei on egingo diela uste du zinegotziak: "Zumaian aurretik telesailik ez da errodatu, baina bai bestelako lanak, hala nola, Ocho apellidos vascos edota Handia filmak. Horrekin batera, geoparkeari esker, inguruak bisitari asko izan ditu betidanik. Baina Game of Thronesen bisitak, dudarik gabe, munduko mapan kokatuko gaitu hemendik aurrera".



Prozesua martxan jarrita, urriaren amaieran Itzurun Erdi Aroko gaztelu baten itxura hartzen hasi zen. Ekoizleek hainbat atrezzo elementu jarri zituzten bertako harresian, eta bestelako aldaketak ere egin zituzten, bizilagun batzuen haserrea piztuz. "Urduritasun puntu bat bizi izan da Zumaian, guzti honek izan ditzakeen eraginak ez daudelako argi. Baina udalaren ustetan, honek onurak ekarriko ditu. Esate baterako, Itzurunen bazen duela urte batzuk kentzeko adostutako pareta bat, baina oraindik bertan jarraitzen zuena; ekoitzetxeak hura kentzeko eskatu zigun, eta aukera aprobetxatu genuen, baten batek protesta egin duen arren".
Onerako ala txarrerako, sekulako ikusmina sortu du Game of Thrones telesailaren bisitak herrian; estrak hartzeko casting bat ere egin dute, eta milaka lagunetatik hogei hartu zituzten denboraldi berrian parte hartzeko. "Castingak sekulako jakingura sortu du herrian, eta askok gaua egin zuten bertan, hotz ikaragarria pasaz. Harrigarria da telesail honek mugitzen duena".

Zumaiako Zelai talasoterapia hotela osorik hartu du ekoitzexeak, baina aktoreek ez zuten bertan egin gaua, Bilbon baizik. Dena sekretupean izateko ardura handiz ibili dira, baina detaile txikiak aireratu dira dagoeneko. Esate baterako, katea Irlandan ibili da orain arte errodatzen, eta Euskal Herrian eguraldi txarra espero zuten, zorte gutxirekin –Gora Euskal Herri tropikala!–. Dena den, inork ez daki Itzurunen zer errodatu duten. Iraolak eskatu zuen bertan izateko baimena: "Dronak eta sekulako ekipoak ekarri dituzte. Kuriosoa da errodajean hiru zuzendari dabiltzala, bakoitza bere ekipoarekin, eta ez bakarra, filmetan bezala. Kostan egurrezko barkuak agertu dira, Tyrion Lannister pertsonaiaren rola egiten duen Peter Dinklage aktorea hemen da… Telesaila jarraitzen dutenek imajinatu dezakete hemen gertatu daitekeena. Herensugerik ez dugu ikusi oraingoz, baina sua botatzen dutela esan digute; espero dugu hondartzak sutan ez amaitzea!". Datorren urteko apirila arte itxaron beharko dugu Itzurun pantailan ikusteko.
Valar Morghulis.



Eta datorren denboraldian, zer?



Kexa asko egon dira Euskal Herriko kostan agertu diren spoiler irudien inguruan; borroka geroz eta handiagoa da gehiago jakiteko irrikiaz daudenen eta misterioa mantentzea nahiago dutenen artean. GAZTEZULOn ez dugu spoilerrik egingo, baina norbaitek datorren denboraldian gertatuko denaren inguruan hausnartu nahi badu, atzera begiratu bat ematea gomendatzen diogu; zehazki, telesailaren 2. denboraldiko 10. kapituluko eszena honetara. Daenerysek hilezkorren etxean izan zuen amets honek keinu asko egiten dizkio etorkizunean gertatu daitekeenari!


GAME OF THRONES: 2x10, Daenerysen ametsa