Game Of Thrones 7x7: 'The Dragon and The Wolf'

Game Of Thrones 7x7: 'The Dragon and The Wolf' Astero, 'Game Of Thrones' telesailaren zazpigarren denboraldiaren errepaso txikia eskainiko digu Ane Urrutikoetxeak; hona hemen zazpigarren kapituluak eskaini diguna! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/game-of-thrones-7x7-the-dragon-and-the-wolf/@@download/image/Captura de pantalla 2017-08-29 a las 10.21.46.png
2017/08/29
erreportajea

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Astero, 'Game Of Thrones' telesailaren zazpigarren denboraldiaren errepaso txikia eskainiko digu Ane Urrutikoetxeak; hona hemen zazpigarren kapituluak eskaini diguna!
Game Of Thrones 7x7: 'The Dragon and The Wolf'

[SPOILER: Kapituluak ikusi ez badituzu, hobe irakurtzeari uzten badiozu]

 

Konturatzerako, amaitu da Game Of Thrones telesaileko zazpigarren denboraldia. Azken kapituluak, The Dragon and The Wolf, 80 minutu iraun ditu, eta gauza asko gertatu diren arren, ez da aurreko denboraldiko amaiera bezain borobila izan. Gertatutako gehiena aurreikusi zitekeen sentsazioarekin utzi digu, hasieratik jakinaren gainean izan bagina bezala. Dena den, sorpresa txikiren bat ere oparitu digute. Honela amaitu da HBOren telesail arrakastatsuenaren azken aurreneko denboraldi ilun hau:

 

Txakurra eta Brienne elkar hiltzen saiatu ziren, Aryagatik; orain, hiltzaile txikiaren bilakaerarekin harro dauden gurasoak ematen dute.

 

Bileren kapitulua izan da hau. Lehen aldiz, pertsonaia guztiak batera ikusi ditugu, elkarri begirada mesfidatiak botaz, errezeloan, traizioa usaindu nahian. Eszenatoki biluzi batean, ornamenturik gabe, elkarrekin ikusiko ditugu bigarren mailako pertsonaia xarmagarrienak, hala nola, Txakurra, Brienne, Podrick, Bronn, Mendia... eta baita protagonistak ere. Tentsioa oso nabarmena izango da Tyrion, Cersei, Jamie, Jon, Euron, Theon, Davos, Mormont eta Daenerysen artean. Dragoi Erreginaren sarrera ikusgarriak ez du lagunduko tentsio hori lasaitzen, baina elkarren arteko gorrotoak alde batera geldituko dira Harresiaz bestaldetik ekarritako "oparia" ikusten dutenean: zonbiak mutu utziko ditu guztiak.

 

Daenerysek badaki sarrera ikusgarri bat egiten.

 

Zonbiak? Hau ez dela The Walking Dead!

 

Cersei ez da gehiegi aztoratu Iparraldeko mehatxuarekin. Bere plan propioak ditu.

 

Hala eta guztiz ere, ez dute Cerseiren kolaborazioa lortuko (benetan uste al zuten erregina mendekatzaile honen borondate ona besterik gabe azaleratuko zela? Hori ez da sekula izan Cerseiren estiloa). Jonek, Ned Starken ohorerako burugogortasun bera duela frogatuta, ez ditu gauzak erraztuko, eta beraz, Tyrion gajoak horrenbeste gorroto duen arreba bisitatu beharko du. Harrituta utzi gaitu Cerseiren biguntasunak; egiazko unean, ez da anaia gorrotagarria hiltzera ausartuko. Azkenik, kolaboratzeko prest agertuko da Cersei, hasiera batean behintzat; baina bere anaia Jamieri esano dion moduan, eta Euron Greyjoyren laguntzarekin, bere benetako asmoa danak traizionatu eta herrialdea bere gain hartzea izango da. Zonbiak ez du kikilduko Cersei; bere botere egarria asetzeko bide berria ikusiko du. Jamiek, bere arrebaren zorotasuna ikusirik, behingoz abandonatu egingo du. Eta beste behin, Cersei ohi baino ahulago ikusiko dugu, ez baita Jamie hiltzeko gai izango. Haurdunaldiak bigundu ote du?

 

Tyrion hiltzen huts egingo du Cerseik....

 


...eta baita Jaime hiltzen ere.

 

Iparraldean, kapituluko unerik onenetako bat eskaini digute. Arya epaituko zutelakoan, Iparraldeko jauntxo eta soldadu guztiak bilduko ditu Sansak, eta Bran anaia ondoan duela, arreben arteko liskarra amaituko du... Petyr Baelish epaituz! Hori bai, Sansa! Behingoz, tuntuna zirudien neskatila emakume argi, hotz eta indartsuan bihurtuko da, sugeari burua moztuz. Exekutatzailea, Arya hiltzaile fina izango da, eta bien artean, denboraldiko eszena borobilenetako bat oparituko digute. Chapeau!

 

Littlefinger belauniko erreguka: hasieratik espero genuen eszena!


Bai, bai, bai!!

Baina kapituluko istorio garrantzitsuena, tituluak dioen moduan, Dragoia eta Otsoaren arteko amodio istorioa da. Denboraldi guztian zehar argi utzi diguten moduan, elkarrekin maiteminduko dira Jon eta Daenerys; maitemindu, eta denboraldiko sexu eszena bakarra eskainiko digute (nahiko flojo ibili dira horretan). Bien arteko amodio istorioa ez da sorpresa izan, eta beraiek ez dakiten arren, izeba-iloba dira biak. Argi dago ezkontzen badira sekulako aliantza osatuko dutela.

Zure etxean ala nirean?

 Esan beharra dago... zelako ipurdia duen Jonek!

 

Eta kapituluko azken sorpresa, Bran eta Samen arteko elkarrizketak eskainiko dugu. Bi hauen arteko eszenak irribarre bat baino gehiago egitera eraman gaitu, eta eskerrak, faltan botatzen baikenituen Samen ateraldiak. Bestalde, ikusi dugu Bran ez dela horren izotzezkoa. Hala, biek argituko digute Jon ez dela sasikumea, eta espero genuen bezala, bere benetako guraso Raeghal Targaryen eta Lianna Stark ezkondu egin zirela. Branek adieraziko digu Jonen benetako izena: Aegon Targaryen da, Zazpi Erreinuetako benetako mandataria.

 

-Bran: "Jon Daenerysekin dator hona"

-Sam: "Zure hirugarren begiarekin ikusi duzu?"

-Bran: "Ez eskutitzez jakin dut".

 


Raeghal Targaryen eta Lianna Stark ezkontzen; hauen bien istorioa ezagutuko ote dugu noizbait?

 

Kapitulua eszena ikaragarri batekin amaitu dute; Gaueko Erregeak ezin hobeto ikasi du Viserion kontrolatzen, eta ez hori bakarrik; Viserionek su urdina botatzen du ahotik, Harresia suntsitzeko modukoa. Hala, erraz (beharbada errazegi) egingo dute zuloa harresian; badatoz, beraz, hildakoak.

 

Datorren denboraldirako bi urte itxaron beharko ditugula esan dute, eta bitartean, erantzun gabeko galderak gelditu zaizkigu buruan. 2019ra arte itxaron beharko dugu saga honek nola amaituko duen jakiteko. Dena den, hau guztia ondo amaituko dela uste baduzue, ez duzue arretarik jarri!

 

Non dago Ghost?

 

Lau hauek elkarrekin ikusiko ote ditugu noizbait?

 

GAME OF THRONES telesailaren jarraitzailea zara?

Komentatu kapituluak Twitterren @aneurruti-rekin!