Game Erauntsiak bideojokoen gida argitaratu du, gurasoentzat

Game Erauntsiak bideojokoen gida argitaratu du, gurasoentzat Gurasoentzako kontrol tresnak, txikientzako bideojoko gomendagarriak eta beste hainbat informazio jaso dute bertan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/game-erauntsiak-gurasoentzako-bideojokoen-gida-argitaratu-du/@@download/image/pexels-kowalievska-1174746.jpg
2024/08/19
Gurasoentzako kontrol tresnak, txikientzako bideojoko gomendagarriak eta beste hainbat informazio jaso dute bertan.
Game Erauntsiak bideojokoen gida argitaratu du, gurasoentzat

Game Erauntsiak gurasoen zalantzak argitzeko bideojokoen inguruko gida sinple bat sortu du, etxean bideojokoei ekiteko lehen pausoak ematen laguntzeko. "Bideojokoen mundua etxeko txikientzat zein nerabeentzat kaltegarria izan daitekeela irakurtzen dugu, behin eta berriz. Biolentzia, jazarpena, nahi gabe egindako erosketa garestiak, sexua… beldur asko dituzte gurasoek nahiz irakasleek, ulertzekoa den bezala, baina ezjakintasunak eraginda. Elementu positiboak ere aurki ditzakegu bideojokoen munduan. Harremanak lantzen ikasteko aproposak dira; denbora kudeatzen ere irakats diezagukete; emozioen kudeaketa lantzeko eraginkorrak dira, enpatia zein pentsamendu sortzailea areagotzen dute; eta, bukatzeko, hizkuntzen ikasketarako ere lagungarriak dira!", azaldu dute.

Gidaren helburua bideojokoei lotutako hainbat gako nabarmendu eta ezagutaraztea da. Zortzi ataletan banatu dute gida: egungo bideojoko plataforma nagusiak; erronkak: noiz, zenbat eta nola?; adinkako sailkapenak; gurasoentzako kontrol tresnak eta ongizate digitala; bideojoko arrakastatsuenak gazteen artean; txikientzako bideojoko gomendagarriak; streaming plataformak, zuzenekoak eta eduki sortzaileak; eta bestelako zerbitzuak eta aholkuak. 

Game Erauntsiaren webgunean kontsulta daiteke gida.

Gazteenak bideojokoetan
UEMAk 2022. urtean aurkeztutako Euskal Herriko gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketan ageri denez, hiru gaztetatik bik bideojokoetan jokatzeko ohitura dauka egunerokotasunean. Ikasle gazteenek erabiltzen dituzte gehien: Lehen Hezkuntzan, %78k, eta Batxilergoan, %43k. Mutilen %89 aritzen da bideojokoetan eta nesken %45. 

Jokatzen igarotako denborari dagokionez, gazteen % 25,9k ordu erdi baino gutxiago ematen du egunean; % 17,5ak ordu erdi eta ordubete artean igarotzen du partidetan; % 13,5 ordubete eta bi ordu artean aritzen da; eta % 9,7k bi ordutik gora jokatzen du. Bukatzeko, ikasleen % 33,3k ez du bideojokorik erabiltzen.