Galtzeko deus ez

Galtzeko deus ez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/galtzeko-deus-ez/@@download/image/23p13-1_1369745034.jpg
2002/10/04
erreportajea
Alberto Irazu
Galtzeko deus ez
1980an Donostiako Scooters mod taldearekin hasi zenetik, Javier Sun kantaria ez da sekula isilik egon. Bai akaso itzalean, baina ez isilik. Sun-ek "Nada que perder" izeneko bakarkako laugarren diskoa plazaratu berri du.

Kalean da jada Javier Sun kantari donostiarraren bakarkako laugarren diskoa: "Nada que perder". Duela urte eta erdi kaleratutako bere azken lana, "Absolutamente real", gehienentzat oharkabean igaro zen. Irratian eta prentsan, komunikabideetan oro har, ez zuen merezitako oihartzunik izan. Eta abesti ederrak zituen, gero: "Tres",  "La razon de tu presencia", "Calor", "Cansado"… harribitxi bat baino gehiago zegoen disko hartan, zinez.

Gezurrik ez
Bartzelonako B-Entertaiment disketxeak plazaratua, "Nada que perder" izeneko disko berriari Javier Sun-en betiko espiritua dario. Melodia bikaineko 12 kantu dira, gehienak pop onenaren erakusgarri. Dena den, asko dira rock ilunean egindako sartu-irtenak. Eta badago klasifikatzen zaila den pieza bat baino gehiago. Abestiak iradokizunez betetako gitarretan oinarrituta daude, eta konpoketa neurtu eta sotilez aberastuta. Organuak, pianoak, teklatuek, armonikak… denek giro berezia sortzen dute, abestien babes eta apaingarri. Hala ere, kantuek gauza bat dute ezaugarri nagusi: mozorrorik gabe egiten da kantu, mamuei, gauari, amodioari, itxaropenari, porrotari... Behin eta berriz galdu eta aurrera ateratakoei. Hitz horietan datza Javier Sun-en amu indartsuena… ez da gezurtia.

Los Perseguidos
Azken disko guztietan bezalaxe, Sun-ek "Los perseguidos" izeneko luxuzko taldea izan du ondoan: Juan Zulaika –organua, pianoa eta teklatuak-, Joxean Bengoetxea –baxua- eta Alex Zulaika –bateria eta pandereta-. Maila handiko musikariak dira guztiak, Sun-en abestietan ezinhobe txertatzen direnak. Konfiantzazko lagunak dira. Aurreko diskoko Bob Dylan-en lekua hartu eta "No llores por mi" kantuan omenaldi xumea jasotako Neil Young adiskide zaharra bezalakoak.