Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketan parte hartzeko deialdia zabaldu du

Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean, hamaseigarren Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketa jarri du abian, euskarazko komikigintza sustatzeko asmoz. Lanak bakarka edo taldean aurkez daitezke, eta komikietan landu beharreko gaia librea izango da.
Lau sailetan banatuko da lehiaketa, adinaren arabera: 9 urtera artekoena (2014an jaiotakoak barne); 10-12 urte bitartekoena (2013an eta 2011n jaiotakoak barne); 13-16 urte bitartekoena (2010en eta 2007an jaiotakoak barne); eta 17 urtetik gorakoena (2006an jaiotakoak barne).
Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky arkitekto eta komikigileak osatuko dute edizio honetako epaimahaia.
Galtzakomikera aurkeztutako lan guztiak ikusgai izango dira abenduaren 15etik 29ra, Ibarrako Kultur Etxean. Sari banaketa, berriz, abenduaren 15ean izango da, 19:00etan, Ibarrako Kultur Etxean.
Irabazleentzako diru-sariak, komiki bildumak, otorduak eta opariak izango dira. Sarituak izan ez diren parte hartzaileen artean Mahala baserriko produktuak zozketatuko dira; zozketaren emaitza abenduaren 13an ikusi ahal izango da, Galtzaundiren sare sozialetan.
Berrikuntza moduan, saritutako lan bat aukeratuko dute eta hautatuak komikia Denonartean argitaletxearekin batera argitaratzeko aukera izango du. Bestetik, herria girotzeko, Ibarrako erakusleihoak komikiz apainduko dira.
Lanak azaroaren 28ra arte bitarte aurkeztu beharko dira, Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan edo postaz helbide honetara bidalita: Galtzaundi Euskara Taldea. “Galtzakomik komiki lehiaketa”. Nafarroa etorbidea 6, behea. 20.400 Tolosa (Gipuzkoa).
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.