Galtzagorri Elkarteak irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak egingo ditu
2018an jarri zituen martxan Galtzagorri elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailarekin batera, irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak. Irakasleak irakurzaletasunean bitartekari lana egiten dutenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako irakasleei eskaintzen zaie prestakuntza.
Aurten ere 72 lantegi egingo dituzte EAEko ikastetxeetan, irakasleek haurren eta gaztetxoen euskaraz irakurtzeko gogoan eragiteko erremintak izan ditzaten. Saioak lurralde bakoitzak duen eskola kopuruaren arabera banatuko dira. Saioen erdia DBHko irakasleentzat izatea aurreikusten dute eta gainontzekoa HH eta LH-ko irakasleentzat. Tokian tokiko udal liburutegietako langileak ere gonbidatuko dituzte. Saioak doakoak izango dira.
Galtzagorri Elkarteko profesionalek aurrez aurreko saio praktikoak emango dituzte eskolan bertan, gehienez ere bi orduko iraupenekoak. Edukiei dagokienez, lantegiak lehenengo aldiz egiten dituzten eskoletan, euskarazko haur eta gazte literaturaren nobedadeak erakutsi eta liburu horien gaineko azalpenak emango dizkie gidariak, baita haiekin landu daitezkeen estrategien berri eman ere. Lantegiak ezagunak dituzten eskoletan nobedadeak erakusteaz gain, jarraipen edota sakontze saioak eskainiko zaizkie. Denetan banatuko dira estrategiak jasotzen dituzten liburu-gidak.
Martxoaren 10era arte eman daiteke izena eta parte-hartzea izen-emate ordenaren araberakoa izango da.

