Galinka Nedelko: “"Pena da Txernobilen inor ez bizitzea; hiri polita da”"

Galinka Nedelko: “"Pena da Txernobilen inor ez bizitzea; hiri polita da”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/galinka-nedelko-quotpena-da-txernobilen--inor-ez-bizitzea-hiri-polita-daquot/@@download/image/2011330763galin_1361477261.jpg
2011/04/01
elkarrizketa
Testua: Raul perez
Txernobil eta inguruko hainbat haur etorri izan dira Euskal Herrira udaran inoizko ingurumen istripu larriena gertatu zenetik. Haietako bat da 20 urteko Galinka Nedelko. Bederatzi urtez etorri zen gurera.

Hilaren 26an mende laurdena beteko da zentral nuklearrak matxura izan eta ihes erradiaktiboa izan zuenetik. Datu ofizialen arabera, hildako gutxi batzuk izan ziren, baina Greenpeaceren ikerketak dioenez 1990 eta 2004 urteen artean Ukrainan, Errusian eta Bielorrusian izandako 200.000tik gora heriotzen sorburua izan zen erradiazioa. Sarraskiak beste hainbat ondorio utzi zituen; Txernobil eta inguruko herriak hustu behar izan zituzten, adibidez. Istripua gertatu eta bost urtera jaio zen Galinka Nedelko. 11 urte bete izana ospatzen ari zen New Yorkeko dorre bikiak erori ziren egunean. 1990eko irailaren 11n sortu baitzen, Ukrainako Sukatxi herrian, Txernobiletik, inoizko istripu nuklear larriena gertatu zen tokitik, 40 kilometrora. Eta debekatutako gunetik 30 kilometrora. Kieveko unibertsitatean filologia ukrainarra ikasten ari da. Teknologiak egin du zubi lana Euskal Herria eta Ukrainaren artean eta skype bidez mintzatu gara Galinkarekin. Bere begi gazteek eramango gaituzte Txernobilera, puntu beltz eta madarikatura.

Txernobileko istripua gertatu eta bost urtera jaio zinen. Zer dakizu han gertatutakoaz? Zer kontatu dizute ezbeharraren lekuko zuzenak izandakoek?

Aitona-amonek eta amak kontatutakoaren arabera, garai hartan nahiko eroso bizi ziren, nolabait esateko, baina hura gertatu ostean dena aldatu zen. Gobernua gezurretan aritu zen, jende askori agindu ziotelako egun gutxi batzuk igarota euren etxeetara itzultzeko aukera izango zutela, eta ez dira inoiz itzuli. Nire herrian hainbat etxe eraiki zituzten Txernobilen bizi zen jendearentzat. Nire lagunen gurasoak Txernobilekoak ziren, eta haien bizilekuen falta sumatzen dute. Adibidez, Aste Santuan ohitura dugu hilerrietara joateko; Txernobilen ere badago hilerririk, baina ezin da hiri barrura sartu baimenik gabe.

Zu han egona zara. Nolatan joan zinen? Zer sentitu zenuen?

Hunkitu ninduen. Espainiako familia batekin joan nintzen azaroan, itzultzaile lanetan. Agiri batzuk aurkeztu behar izan genituen sartzeko; oso hiri polita da, baina pena ematen du. Gertuko Pripyat hirian etxe asko utzita daude. Sobietar Batasunaren garaian gelditu zela dirudi; 16 solairuko etxeorratzak, kultur etxea, liburutegia… ezerezean gelditu dira. Kalean zoazela panpin baten zatiarekin topo egin dezakezu eta ezin diezu negar malkoei eutsi! Eta gauez, are okerrago omen da; esan didatenez ez da txakurrik ere ibiltzen! Hara joateko gogoa nuen, baina pena da han inor ez bizitzea, hiri polita da.

Begi bistan dagoenaz aparte, istripuaren beste arrastorik geratzen al da 25 urte eta gero?

Airean nabaritzen dugu; zaila da arnasten, baita Kiev hiriburuan ere; han Txernobilen ondorioei autoen poluzioa gehitu behar zaio. Euskal Herrira lehen aldiz joan nintzenean, hegazkin aldaketa egin nuen Alemanian eta arnastea errazagoa egin zitzaidan.

Ze gogoeta egiten du zu bezalako gazte batek zure herriaz eta oro har zure herrialdeaz?

Latza da. Ezbeharra gertatu izan ez balitz askoz hobeto biziko ginateke. Adibidez, egun batean, etxerako bidean, autobusean nindoala, gidariak gogora ekarri zidan tren batek lotu zezakeela gure herria hiriburuarekin, Kievekin, baina ez dute egin.

Inoiz baztertu al zaituzte Txernobilekoa izateagatik?

Niri ez, baina irakasle batek kontatzen zigun Odesara zihoazenean trena lepo beteta joan ohi zela, eta bera Txernobil ingurukoa zela jakindakoan, bazter batean uzten zutela, kutsatuta zegoen beldur. Olgetan jendeak esan ohi digu Txernobilekoak garenez erradiazio handia dugula eta gauez argia emateko gai izan behar dugula.

Sukatxi herrian bizi zara. Nolakoa da zonaldea?

700 bat etxe ditu, eta Txernobilen bizi zen jende asko dago orain. Dendak egon badaude, baina ez dugu kultur etxerik ezta zinema aretorik ere. Txernobilek martxan jarraitzen du eta bertan jendea dago lanean; leherketak izan dira, baina hor gertatzen ari den guztia sekretupean gordetzen dute. Herritarren artean buruko mina areagotu egin da, esate baterako. Kazetari gutxi batzuk baino ez dira gauza egiten ari direna haizeratzeko.

Erradiazioaren ondorioz, haur minbizidunak asko omen dira.

Bai, badaude minbizia duten hainbat haur, leuzemia, hots odolaren minbizi kasu asko dago. Bestalde, haur asko pulmoniak jota daude.

Nola gogoratzen duzu Euskal Herrira aurreneko aldiz etorri zinenekoa?

11 urte nituen. Egia esan, ama beldurrak jota zegoen. Ez zekien nora joan behar nuen. Nik, ordea, sekulako gogoa nuen beste herrialde bat ezagutzeko eta bi hilabete lehenago ekin nion maletak prestatzeari. Euskal Herriko ohiturak bitxiak iruditu zitzaizkidan. Eskutik heltzea, bi musu ematea... hori guztia arrotza egin zitzaidan, ez nuen inork ukitzea nahi! Harrituta geratu ziren nire jarrerarekin, baina orain jakin beharreko guztia badakit.

Zer oroitzapen utzi zizun Euskal Herriak?

Kultura atsegin dut, euskal dantzak esate baterako. Ez dut beste inon halakorik ikusi. Janaria ere ezberdina da gurearekin konparatuta. Euskal Herrian oso gustura jan nuen paella eta urdaiazpikoa.

Victoria bederatzi urteko ahizpa aurtengo udaran etorriko da aurrenekoz Euskal Herrira. Inbidia punturik ba al duzu?

Inbidiarik ez, nik nahikoa disfrutatu nuelako. Orain beste haur batzuen txanda da. Oso pozik nago ahizpak beste herrialde bat eta beste jende bat ezagutzeko aukera duelako. Gure herrialdea eta Euskal Herria gaua eta eguna bezalakoak dira.

Gustatuko al litzaizuke gurera itzultzea?

Gauzak ondo ateratzen bazaizkit, Euskal Herrira bueltatu nahi nuke. Aurten unibertsitate ikasketetako laugarren maila bukatuko dut eta erabaki beharko dut ikasten jarraitzen dudan ala ez; agian, eskolak ematen hasi beharko nuke ikastetxe batean, baina ez dut nahi. Gazteek, batez ere herrietan bizi direnek, ez dute etorkizunik. Agintariak toki guztietan antzekoak dira eta gure presidente berriarekin ez gaude batere pozik; indarrean sartzen ari den lege berriekin ez gatoz bat, prezioak izugarri igotzen ari dira... Nire amak 130 euro irabazten ditu, 1.300 grivna, eta nire ikasketetara 50 euro bideratu behar ditu. Ez gara soldatak izugarri igo ditzaten eskatzen ari, baina apur bat igotzea nahi genuke; gaur egun ez dago zer eginik.

Euskara ikasteko aukera izan al zenuen?

Hitz solteak ikasi nituen eta Ukrainiara Bakarka liburuak ekarri nituen euskara ikasteko, baina ez dut astirik; ea aurrerago denbora dudan!