Galesko eliza anglikanoak emakume bat izendatu du artzapezpiku lehen aldiz

Azken bost urteetan Galesko Mountmoutheko apezpiku izan den Cherry Vann aukeratu dute Galesko XV. artzapezpiku. Erresuma Batuko eliza anglikanoko lehen artzazpezpiku emakumea izango da beraz. Gainera, LGTBIQ+ komunitateko kidea da Vann.
Bi hereneko gehiengoarekin hautatu dute Hautesle Elkargoko kideek. Vannek "justiziarako eta adiskidetzerako grina" duela adierazi du elizak. Newporteko dekanoa den Ian Blackek esan duenez, "une honetako Galesko elizarako pertsona egokia da. Fede sakona du, bestelako ikuspuntu bat dutenei ere zabalik dagoena, eta horrek eragina izan du pertsona horiengan".
Ingalaterrako Leicestershire konderrikoa da izatez, eta Monmoutheko apezpikua izan da 2020tik. Aurrerantzean ere bertan jarraituko du. Ingalaterrako elizan apaiz ordenatutako lehen emakumeetako bat izan zen 1994an, eta Manchesterreko elizbarrutian ere aritua da. Vannek pianoa jotzen du eta Royal College Music-eko bazkidea eta Royal School of Music-en lizentziatua da.
Artzapezpiku berria lesbiana izateak sexu bereko pertsonen arteko ezkontza erlijiosoen atea irekiko ote duen esperantza dute batzuek. Eliza anglikanoak batasun zibilak onartzen ditu eta bedeinkazioak eskaintzen dizkie bikote homosexualei, baina oraingoz debekaturik dute bertan ezkontzea. Vannen ustez, denbora kontua izango da: "Uste dut bide horretatik joango garela uneren batean, zalantzarik gabe, baina ez dakit hurrengo bi urteetan izango den".
Artzapezpiku berriak Andrew John ordezkatuko du. Johnek berehala erretiratzeko erabakia iragarri zuen ekainean, bere "portaera desegokiak" nabarmentzen zituzten bi txosten argitaratu ondoren. Txosten horretan haren inguruko hainbat kezka agertu ziren: "muga sexualek lausoak ziruditen kultura", "gehiegizko alkohol kontsumoa" eta Bangor katedralean izandako "gobernantza eta babes edo zaintza ahuleziak".
Gertaera hauen ondoren hartuko du lekukoa Vannek eta haren hitzetan, "egin beharreko lehen gauza azken sei hilabeteetan sortu diren arazoei heltzea, eta sendatzea eta adiskidetzea ekartzeko lan egitea izango da. Bestea, elizaren eta elizak zerbitzatzen dituen komunitateen arteko konfiantza-maila ona eraikitzea izango da". Blacken ustez, artzapezpikuak "konfiantza berreskuratzeko behar ditugun trebetasunak eta ikuspegia ditu".