Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Sorda'

‘SORDA’
⭐⭐⭐⭐ (4/5)
Eva Libertad
100 minutu
Zinemaldian eta Movistar +en
Azken urteotan amatasunaren gaia geroz eta modu errealistagoan jorratzearekin batera, askotariko errealitateak kontuan hartzen dira. Eva Libertad zinegilearen Sorda filmean Angela emakume gorraren istorioa ezagutuko dugu; haur bat izango du Hectorrekin, bere bikote entzulearekin. Haurdunaldiak, ordea, amatasunarekiko eta alaba izango denarekin komunikatzeko moduari buruz dituen beldurrak azaleratuko ditu. Hala, neskaren etorrerak krisia areagotu besterik ez du egingo, bikote harremanean eragiteraino. Filmak benetakotasunez eta sentiberatasunez heltzen die pertsona gorrek, nagusiki entzule den gizarte batean, dituzten erronkei eta zailtasunei. Pelikulak irakatsi egiten du, baina sermoirik bota gabe. Barrenak mugitzen dituen istorioa da, baina manipulatu gabe. Esperientzia sentsoriala eta emozionala da, baina klixeak saihesten ditu. Konprometitua, ausarta eta gizatiarra da.
Onena: Begiak irekitzen dituen proposamena dela.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: CODA (Siân Heder, 2021).