Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Karmele'
‘KARMELE’
⭐⭐⭐ (3/5)
Asier Altuna
114’
Primeran plataforman
Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren istorioa gogorra da, eta Karmele filma bera ere bide horretan murgiltzen da. Euskaldunak izatearen kontzientziak ekarri zien sufrimendua da haien bizipenetan nagusi, eta horixe da, aldi berean, pelikularen muina. Euskaldunon oroimen kolektiboaren berreskurapen ariketa bilakatzen da Altunaren pelikula. Laspiur eta Sagardoyren lana, baita gainerako aktoreena ere, filma eusten duen ardatz sendoena da. Alderdi teknikoan badago zer nabarmendu: artea, dekoratuen xehetasuna, jantziak, argazkia, soinu banda... Hala ere, gorabeherak antzematen dira: zenbait unetan agertoki eta kokalekuek artifizialtasun kutsua hartzen dute, eta sinesgarritasuna lausotzen dute. Filmak denboratarte zabal eta askotarikoa hartzen du bere baitan, eta hori islatzeko eszenatoki anitz baliatzen ditu. Denboraren jauziak eta testuinguru zehatzak ongi txertatuta daude, baina zenbait unetan narrazioa gehiegi zatitzen da, eta pasarte batzuei sakontasuna falta zaie.
Onena: Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Amama (Asier Altuna, 2015).

