Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Hamnet'

Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Hamnet' Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaizka-izagirreren-film-gomendioa-hamnet/@@download/image/HMEHHNiWQAAsqMe.jpg
2026/07/02

Testua: Gaizka Izagirre

Telesail eta zinemazalea bazara, adi! Gaizka Izagirre adituak azkenaldiko telesail eta filmei buruzko iritzia emango dizu, zer ikusi erabakitzen laguntzeko.
Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Hamnet'

‘HAMNET’
⭐⭐⭐ (3/5)
Chloé Zhao
125 minutu
Filmin/ Prime Video/ Movistar + 

Chloé Zhaok fintasunez eta indar dramatikoz ehundu du Hamlet lanaren sorrera elikatu zuen fikziozko istorioa. Isiltasunetik eta begiradatik eraikitako filma da, galera baten zauriak eta sorkuntzaren ernamuina uztartzen dituena. Jessie Buckley da protagonista, Agnes Shakespeareren azalean, eta Paul Mescalek William Shakespeare gorpuzten du. Kontakizunak bikotearen hamaika urteko semearen heriotza tragikoak familiaren barruan eragiten duen kolpe emozionala arakatzen du. Narrazioaren erdigunean Agnes dago: filmaren motor narratiboa, bihotz emozionala eta ikuspuntuaren ardatz nagusia. Buckleyren interpretazioa tristea bezain ederra da, mingarria bezain hunkigarria. Egiturari erreparatuta, filmaren hasierak eta amaierak indar emozional eta narratibo handia dute: hasierak sentsibilitatez marrazten ditu familia-loturak; amaierak, berriz, katarsi indartsua eskaintzen du, dolu pertsonala artearen jaiotzarekin lotuz. Erdiko zatia da ahulena: emozio eta egoera berberak etengabe errepikatzen dira. Ederra da, sentiberatasunez egina, baina egitura narratibo malkartsua du tarteka.

Onena: Jessie Buckley.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Nomadland (Chloé Zhao, 2020).