Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Gaua'
‘GAUA’
⭐⭐⭐⭐ (4/5)
Paul Urkijo Alijo
85 minutu
Prime Video
The Witch filmean agertzen den akelarrea bezalaxe, Gaua-k ere misterioaren, iluntasunaren eta askapenaren mugak zeharkatzen ditu; bi lanek, bakoitzak bere erara, emakumearen indarra goratzen dute. Eggersen irudien oihartzuna sumatzen da Gaua pelikulan: katartikoa, erraietakoa, eta izuaren edertasunez blaitua, energia arkaiko eta boteretsuaren dirdirarekin. Filmaren eszenaratze lana ia ukigarria da: testurak, arnasketak, marruskadurak… Gaua ez da kontzeptua, ikuslearen gorputzean sartzen den presentzia baizik. Forma edukiaren eta sentsazioen zerbitzura dago. Errementari-ren munstroen iruditeria eta iluntasuna bereganatu du, Irati-k zuen emozioa, maitasun keinuak eta emakumezko pertsonaia sendoak gehitu dizkio, eta guztiari epikotasunaren dosi txiki batzuk erantsi dizkio. Guztia ez da perfektua —pertsonaiek sakontasun pixka bat falta dute, eta Kattalinen bidaia ikuslearengana apur bat lausotuta iristen da—, baina Urkijoren filmografian beste mugarri sendo bat da, bere lanik biribilena.
Onena: Giroa eta, oro har, Urkijok sortu duen unibertso propioa.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Paul Urkijoren edozein film.

