Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Bring her back'
‘BRING HER BACK’
⭐⭐⭐⭐ (4/5)
Danny Philippou eta Michael Philippou
99 minutu
Zinemetan
Azken urteotako beldurrezko film gogoangarrien zerrenda egin beharko bagenu, Hereditary eta The Babadook zerrenda horretan egon beharko lirateke zalantzarik gabe. Bring Her Back filmak antzekotasun asko partekatzen ditu biekin, eta nahiz horien mailan ez egon, aurten beldurrezko film gutxi estreinatu da ikuslea aztoratzeko halako indarrarekin eta gaitasunarekin. Talk to Me (2022) filmaren ostean, Philippou anaiak are ilunagoa eta emozionalki suntsitzaileagoa den filmarekin itzuli dira. Pelikula doluaren zokorik ilunenetan kokatzen da, elkartzen diren hiru pertsonaia aurkezteko: Piper eta Andy neba-arrebak alde batetik, eta hildako alaba bueltan ekartzeko edozer egiteko prest dagoen emakumea bestetik. Kohesio narratiboan gorabeherak izan eta harimutur batzuk solte geratu arren, filmak oso eragin sentsorial eta emozional indartsua du. 2025eko ezinbesteko lana da barrenak nahasi eta astintzen dituen beldurrezko zinema gustuko dutenentzat.
Onena: Duen tonu aztoragarria.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizkizu: Hereditary (Ari Aster, 2018) eta The Babadook (Jennifer Kent, 2014).

