Gaizka Izagirreren film gomendioa: 'Sorry, baby'
‘SORRY, BABY’
⭐⭐⭐⭐(4/5)
Eva Victor
103 minutu
Amazon Prime Video/ Movistar + / Apple TV
Opera prima honen zuzendaria, gidoilaria eta protagonista Eva Victor da, eta sexu-indarkeriaren eta haren ondorioen inguruko narratibak goitik behera berritzen ditu. Ez du sufrimendua ikuskizun bihurtzen, ezta morboa elikatzen ere; aitzitik, begirada etiko eta kontzientea eraikitzen du, non fokua ez dagoen gertakarian bertan, baizik eta haren arrasto eta ondorioetan. Agnesek bizimodu lasaia du, itxuraz; hala ere, ikasle-garaiko lagun minaren bisitak iraganeko zauri bat irekiko du berriro. Kontakizuna modu ez-kronologikoan eta egitura zatikatu baten bidez garatzen da, oroimenaren funtzionamendu irregularra imitatuz eta traumaren izaera ez-lineala azpimarratuz. Tonu eta ñabardura askotan, filmak Fleabag-eko Phoebe Waller-Bridge edo I May Destroy You-ko Michaela Coel gogora ekartzen ditu: umore zorrotza, auto-ironia eta hauskortasun gordina uztartzen dira.
Onena: Eva Victor.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: I May Destroy You (Michaela Coel, 2020).

