Gaixotzeko eskubiderik ere ez

Gaixotzeko eskubiderik ere ez https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaixotzeko-eskubiderik-ere-ez/@@download/image/iritzia_idoia_l_1357893208.jpg
2012/10/05
erreportajea
Idoia Lopez de Abetxuko (Munduko Medikuak)
Gaixotzeko eskubiderik ere ez
Egunero ahotan dugun krisialdi larri honek orain arte nekez lortutako eskubideen krisialdia ere ekarriko digu. Ez omen dago guztioi osasun arreta emateko adina dirurik… eta zer da horri aurre egiteko espainiar estatuko agintariei bururatu zaiena? Nor gaixotu daitekeen eta nor ez arautzea!

Espainiar estatuan jaioa zarela edo bertan bizi zarela ziurtatzen duten dokumentuak edukiz gero, orduan bai, sabeleko mina edo gripea sufritzeko eskubidea duzu, besteak beste. Baina paperik gabeko atzerritarra bazara eta ez baduzu lanpostu duinik topatzen, edo kalean bizi eta lo egin behar baduzu… zureak egin du! Adin txikikoa ez bazara behintzat, larrialdietako zerbitzuetara joateko eskubidea besterik ez duzu.

Baina, nolatan joko du ospitaleko larrialdietako zerbitzura buruko mina, ahultasuna, diabetesaren tratamendurako botiken premia edo azalean orban berri bat daukala ikusi duen batek? Jakina da horiek ez direla larrialdi egoeratzat hartzen; izan ere, familia medikuaren kontsultan egunero ikusten diren arazoak dira denak. Hala ere, baliteke hasiera batean garrantzi txikiko arazotxoa zena, mediku arreta egokirik gabe, benetako gaixotasun larri bilakatzea… eta, orduan bai! Larrialdia izango denez, zorionekoa zu, "bertako hiritar" bezala tratatuko zaituzte behingoz, eta ordura arte lapurtutako osasun eskubide guztiak berreskuratuko dituzu bat-batean!

Ez, umore ukituz esaten dugun arren, honek ez du txantxa arrastorik. Barregarria baino gehiago, negargarria da eskubide sozialak "ongizate ekonomikoaren izenean" nola zapaltzen diren ikustea. Munduko Medikuak GKEtik aldarrikatzen dugun bezala, osasuna ez da luxuzko zerbait, oinarrizko eskubide unibertsala baizik, eta denon erantzukizuna da bere alde borrokatzea. Espainiar gobernuak, 16/2012 dekretuaren bitartez, medikuak, erizainak eta osasun administrazioko langileak euren etika printzipioen edo, are larriago, zinegite hipokratikoa delakoaren (edozeinen osasuna zaintzeko konpromisoa, inolako bereizkeriarik gabe) aurka joatera behartu ditu, paperik gabeko etorkinei arreta ematea galaraziz.

Guztion artean defendatu dezagun, beraz, gure medikuek duten sendatzeko eskubidea. Eurentzat sendatzea ez da baita soilik betebeharra, eskubidea ere bada!