Gaitzaren aurpegi guztiak

Gaitzaren aurpegi guztiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaitzaren-aurpegi-guztiak/@@download/image/tratu_txarrak2_1363166486.jpg
2013/03/04
erreportajea
Testua: Maialen Goñi eta Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Galder Izagirre
Gaitzaren aurpegi guztiak
Izen-abizenak, bizitokia, adina, bere hiltzailearekin zuen harremana edota bortxatu zuenaren jatorria... askoz gehiago ez dugu jakiten normalean.


19 urte, 17 urte, 20, 27, 18 urte… Datu kezkagarriekin hasi dugu urtea. Gero eta gazteagoak dira indarkeria matxistaren biktimak eta baita erasotzaileak ere. Gaiari heltzeko, Lide Marco psikologoa, Nikolas Agirreolea sendagilea, Ana Mozos abokatua, Margaret Bullen antropologoa, Kattalin Miner ekintzaile feminista eta Mikel Otxotorena Fernandez maskulinitateaz hausnartzen diharduen On:Giz elkarteko kidearen laguntza bilatu eta aurkitu dugu.

Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak Emakunderen bidez kaleratutako datuen arabera, 2012ko azarora bitarte 4.562 andrazkok jarri zuten salaketa EAEn; bikotekide edo bikotekide ohiaren aldetik jasotako tratu txarrak, senideen arteko indarkeria edo bestelako sexu erasoak izan ziren arrazoia. Gai berari loturik, Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez, iazko urrira bitarte 929 salaketa jarri zituzten andrazkoek foru erkidegoan. Baionako Auzitegian, bestetik, batez beste, halako 200 jasotzen dituzte urtero, eta bertan egoitza duen Emazteen Eskubideei Buruzko Informazio Zentroak 444 andrazko lagundu zituen iaz. Zuberoako datuak zenbatzea, aldiz, zailagoa da, Paubeko Auzitegira jotzen baitute.

Iaz, halaber, indarkeria matxistak bost emakume hil zituen Euskal Herrian. Bilgune Feministak emandako datua da azken hau, erakundeek zifra txikiagoak darabiltzate, bikotekideen edo bikotekide ohien artean gertatzen direnak soilik kontabilizatzen dituztelako. Talde feministen aburuz, akats larria da hori, halako diskriminazioetan oinarritutako datuek errealitatea distortsionatzen dutelako, eta hortaz, nahiago dute ikuspegi zabalago batekin jokatu eta salaketak edo parte polizialak ez diren bestelako informazio iturriak ere kontuan hartu.

Uste baino zabalduagoa
Gaitz honek forma desberdin asko har ditzake eta, gainera, ohikoa izaten da neska edo andre batek aldaera bat baino gehiago pairatzea aldi berean. Erasotuaren eta erasotzailearen artean bikote harremana dagoen kasuetan, bestalde, bortizkeria hori, askotarikoa ez ezik, progresiboa ere izan ohi da. Alegia, sotilak, burutsuak eta antzemateko zailak diren jarrerekin hasten da normalean, neskarenganako zaintzarekin edota babesarekin ustez erlazionatutako intentzio onen atzean ezkutatzen direnak. Denborak aurrera egin ahala, baina, indarkeria esplizituagoa bilakatzen da maiz eta, honekin batera, arriskua areagotzen da. Adibide bat jartzearren, jeloskortasun zantzuekin hasten den gizona, bere neska-lagunaren arropak, ordutegiak eta lagunak kontrolatzera pasatu daiteke epe laburrean; ondoren irainak, mehatxuak eta ate-kolpeak etor daitezke... gero, agian, eraso fisikoak eta, muturreraino eramanez gero, erailketa. Argi eduki behar dugun beste aspektu bat da honetan ez dagoela biktima eta erasotzaile potentzialen profilik zehazterik, honetan ez baitago maila kultural, sozial edo ekonomiko bereizlerik. Egia da herrialde batzuetan biolentzia, orokorrean, askoz presenteago dagoela bizitzako esparru guztietan, arazoak konpontzeko modu errekurrentea izaten dela eta, ondorioz, bortizkeria matxista ere halakoxea dela: gordinagoa, esplizituagoa, agerikoagoa. Baina, beste testuinguru batzuetan, baliteke erasotzaileek bide sotilagoak eta ikusezinagoak aukeratzea. Hortaz, ahalmen ekonomiko baxuko eta heziketa eskaseko atzerritarren irudi hori ezabatu beharko genuke gure buruetatik lehenbailehen.

Arima...
Dena delakoa izanik ere eraso mota eta honen esplizitutasun maila, indarkeria matxistaren helburua berbera da beti: andrearen gaineko erabateko kontrola. Hortaz, honen autoestimari eragiten dioten kalte psikologikoak suntsitzaileak dira.
Gaian adituak diren psikologoek diote lehenengo eraso saioaren aurrean shock egoerak, zorabioa, beldurra eta abaildura direla erreakzio zabalduenak, baina baita gertatutakoaren ukapena ere. Aldi berean, beste erasoaldi baten ikarak sekulako antsietatea eta herstura dakarkie, ezgaitasun, baliogabetasun, lotsa eta kulpa sentimenduekin batera. Haatik, epe luzean kokatzen bagara, sintomatologia aldatuz doa: ikerketa batzuek diote hirugarren erasoaldiaren ostean, emakumea ihes egiteko estrategiak garatzetik biziraupenerako gaitasuna garatzera pasatu ohi dela. Gurpil zoro honen efektu larrienak depresioa, estutasuna, kognizio eta estres postraumatikoak, autoestima baxua, erabakiak hartzeko gaitasun eza, babesgabetasun ikasia, substantzia desberdinekiko menpekotasuna, loaren nahiz gosearen aztoramenak, bakartze soziala, nekea eta susto erreakzio neurgabeak izaten dira usu.

Bestalde, gezurra dirudien arren, bortxa errealitate honek erasotzailearekiko sentimendu kontrajarriak agerrarazten ditu biktimarengan: indarkeria unean bertan amorrua sentitzen du, baina gerora maitasuna eta errukia loratu ohi dira. Nola da posible? Mutilak behin eta berriz errepikatu dio ez dela gai bere kabuz aurrera ateratzeko, ez duela ezertarako balio... eta neskak sinetsi egin du azkenerako; menpeko bilakatu da eta kosta egiten zaio bere kabuz pentsatzea. Neke eta oinaze psikikoa saihesteko, baliteke emakumeak benetakoak ez diren istorio itxaropentsuak asmatzea, harremana berreraiki dezakeelakoan, eta horrek aldarazten dio erasotzailearekiko duen pertzeptzioa.

... eta gorputz
Indarkeria fisikoa denean, ondorioak, psikologikoak ez ezik, halakoak ere izaten dira. Erasoak behin eta berriz errepikatu ohi dira, eta arinak izaten dira gehienetan, marka gutxi uzten dituzte alegia. Askotan, gainera, biktimak ageriko zantzu horiek ezkutatzen edo lehenbailehen sendatzen saiatzen dira, lotsagatik. Ospitaletako larrialdi zerbitzuetan kasurik gogorrenak eta agerikoenak artatzen dituzte, ubeldurak eta zauriak gehienetan, baina horiez gain biktimek bestelako kalte fisikoak ere jasaten dituzte, hala nola, hezur hausteak, urradurak, erredurak, arazo gastrointestinalak, fibromalgia, minusbaliotasuna, arazo ginekologikoak, haurdunaldiko arazoak edota haurra galtzea, disfuntzio sexuala eta sexu bidez kutsaturiko gaixotasunak, heriotza... Normalean, poliziak eramaten ditu biktimak larrialdietara, baina bada zuzenean ospitalera joaten denik ere, oro har lagun edo senide baten laguntzaz. Zenbaitetan, halaber, bikotekideek eramaten dituzte beren erruduntasun sentimendua arindu nahian; kolpeak nahi gabekoak izan direla esaten dute batzuek, merezitakoak direla, ordea, beste batzuek. Bortxaketa kasuetan, bestetik, miaketa ginekologikoa egiten diote neskari, eta epaitegiko sendagileak bere gain hartzen ditu hortik aurrerakoak. Medikuek badakite artatzen dituzten andrazkoen kopurua ez dela errealitatearen isla zintzoa, eta tratu txarrak salatzera ausartzen direnak  baino askoz gehiago direla isilik geratzen direnak, beldurrez, jazarrita.

Horregatik, susmorik txikienaren aurrean aktibatzen dituzte kasu hauetarako aurreikusitako protokoloak: lehen esplorazioa egin eta ikusitakoa informe batean biltzen dute; biktimari mina arintzen diote segidan eta, egoerak hala eskatzen duenetan, laguntza psikologikoa ematen diote. Haien hitzetan, oso garrantzitsua da erasoa izan eta ahal bezain pronto ospitalera edo poliziarengana jotzea, denborak biktimen aurka jokatzen baitu, frogak –ubeldurak, harramazkak...– desagerrarazten dituelako. Gorputzeko atal bakoitzak, gainera, balio ezberdina du legearen aurrean, eta ez da gauza bera betazalak zauritzea ala hatz bat haustea adibidez; lehenengoa larriagotzat jotzen da, legeak atal estetikoei garrantzi berezia aitortzen dielako andrazkoen kasuan.

Kontuan hartzekoa da, halaber, erasotzaileari analisi toxikologikoa egiteko obligazioa duela medikuak; drogak eta alkohola zigor aringarriak dira eta, erasoa gertatu zen unean gizonezkoa haien eraginpean zegoela frogatzen bada, zigor leunagoa jasoko du. Asko dira neurri zentzugabe honen aurka altxatu diren ahotsak, sendagile eta abokatuak tarteko.

Engranaje juridikoa
Eta zer dio justiziak? 2003an Babes Agindua izeneko lege bat sortu zuen Espainiako Gobernuak, eta 2004an Emakumeak Babesteko Lege Organikoa izenekoa etorri zen, bere garaian eta Europa mailan aurrerakoia. Frantzian, bestetik, 2010eko ekainaren 9ko legea dago indarrean, 2010-769 delakoa, emakume izate hutsagatik honen aurka zuzendutako indarkeria, bikotekideen arteko indarkeria eta azken honek haurrengan izan ditzakeen ondorioak barneratzen dituen legea, hain justu.

Espainian eta Hego Euskal Herrian, nahiz Frantzian eta Ipar Euskal Herrian aplikatzen diren legeek, biek ala biek, hiru indarkeria mota bereizten dituzte: indarkeria matxista, etxeko indarkeria eta sexu erasoak. Lehenak gizon batek emakume baten aurka hartzen duen indarkeriazko jarrerari egiten dio erreferentzia, gizon izate hutsak ustez emakumearekiko ematen dion nagusitasunean sinetsita hartzen duen bortxazko jarrerari; beti baldin eta bi kideen artean gutxieneko harreman bat egon bada edo badago: senar-emazteak izan daitezke, bikotekideak ala gutxienez epe batez afektibotasun lotura bat izan dutenak. Etxeko indarkeriak, bestetik, senitartekoen arteko biolentzia kasuak barneratzen ditu, hala nola, guraso eta seme-alaben artekoak, edota aitona-amona eta iloben artekoak. Eta azkenak ezezagunen artean ematen diren sexu erasoei egiten die erreferentzia, bortxaketak edota oldarraldiak, nagusiki. Legeek hirurak barneratzen dituzte, indarkeria matxistaren adierazpide oro beren gain hartuz, baina, adi, salbuespen gisa, ezezagunen arteko sexu erasoak ez baitira indarkeria matxista moduan tipifikatzen, delitu gisa baizik.

Tratu txarrak jasan dituela salatuz andrazko batek poliziarenagana edo epaitegira jotzen duen une berean, etenik gabeko mekanismo bat jarriko da martxan, zenbait prozedura zehatz jarraituz amaierara arte helduko dena. Kasu bakoitza bakarra da eta bilakaera oso ezberdinak izan ditzake, kasuistika anitza baita, baina, hala ere, legeak biktima denak homogeneizatzen dituela salatzen dute kolektibo feministek. Edozein kasutan, emakumea damutu eta hala nahita ere, ezingo da prozedura eten. Biktimari ofiziozko abokatu bat ezarriko zaio berehalakoan, eta haren laguntza eta gomendioak segituz, salaketa jarri eta babes neurriak eska ditzake; 72 orduko epean gehienez ere, kasua epailearen eskuetara iritsiko da eta honek kautelazko neurriak hartuko ditu. Behin betiko epaia, ordea, auzitegi penalak emango du bederatzi eta hamabi hilabeteko epean. Denbora tartea horren luzea izateak emakume askoren pazientzia agortu eta beste askoren iritziak aldarazten ditu. Izan ere, lehen unean oso babestuta sentitzen dira: zerbitzu sozialak eta laguntza juridikoa dituzte eskura, eta beren jarrera tinko mantentzen laguntzen dieten helduleku ugari aurkitzen dituzte. Denborak aurrera, baina, hasierako asistentzia urrituz doa, beren burua bakarrik ikusten dute, eta erasotzailearen aurka hartutako neurriak nekagarriak edo betetzen zailak iruditzen zaizkie. Horregatik, zenbaitetan, abokatuarengana joan eta prozesua eteteko eskatzen diote, edota urruntze agindua hautsi dutela jakinarazten diote.

Hortaz, engranaje juridikoa ahalik eta sistema eraginkorrena garatzen saiatu arren, hutsuneak agerikoak dira oraindik ere. Batez ere prebentzioa falta da; mekanismo guztiak kaltea eginda dagoenean aktibatzen baitira, eta abokatu, epaile, psikologo, sendagile nahiz prozesuan parte hartzen duten gainerako profesional guztiek ondorioen gainean egiten baitute lan.

Jendartea dago eri
Emakumeen kontrako indarkeria ulertzeko, ezinbestekoa da guztia testuinguru soziokultural jakin batean kokatu eta jaiotakoan jertse larrosa edo urdina janzten diguten une beretik gure familiarengandik, eskolagandik, komunikabideengandik, industria kultural nahiz pornografikoarengandik eta kontsumo gizartearengandik jaso dugun eredu jarioari erreparatzea, honek sinistarazi digulako mundua bitan zatituta dagoela (maskulinoa eta femeninoa), eta talde bakoitzak bere ezaugarri, eginkizun eta jardunleku espezifikoak dituela; batzuk gainartzaileak eta besteak zapalduak. Gurean, jendarteak indar fisikoa, ausardia (abiadura, drogak...) eta oldarkortasuna espero ditu mutilengandik, eta testosteronari lotutako kontu aldaezintzat jotzen du gainera ("Mutilak horrelakoak dira..."); aldiz, sentiberatasuna gaitzesten du eurengan. Elementu hauek guztiak zintzoki islatzen dira, adibidez, mutilei bizitzaren fase ezberdinetan zuzentzen zaizkien joko edo denborapasetan: armak, karatea, autoak, indarkeriaz jositako bideojokoak, emakume otzan eta esanekoak erakusten dituen pornografia eta abar. Ostera, oraindik ere neska ahul, beldurti, garbi, arduratsu eta sentikorrak espero ditu jendarteak; txikitatik helduen zaintza-jarrerak imitatuko dituztenak eta parkean beren jokabidea mugatuta ikusiko dutenak: "Ez igo horra, kontuz ibili!"

Normalki, indarkeria bere adierazpen gogor eta izugarrienean ikusten dugu, baina icebergaren tontorra besterik ez da. Matxismoak, hil ez ezik, emakumeen bizitza arriskuan jartzen du, hauen duintasuna mehatxatzen du eta askatasuna mugatu. Benetan libre al dira Txinako neskak oin txikiak nahi dituztela erabakitzeko? Eta hemengoek beren kabuz erabaki al dute gehiago gustatzen zaizkiela gerri argalak, takoi altuak eta kamiseta eskotedunak? Benetan borondatezkoak al dira gazteen artean zabaltzen diren jokabide sexualak? Bortizkeria ikusezin hau arras sustraitua dago gure esperientzietan eta oraindik urrun gaude bereizkeria guzti-guztioi eragiten digun arazo sozial gisa ulertu eta bizirik dagoela onartzetik. Kolpeak eta bortxa errealitate ukigarri eta gordina dira, baina ezarritako rolak ere biolentoak dira beren horretan. Publizitateak, zinemak, telebistak, bideojokoek..., gainera, bakoitzaren gaitasunak indartu eta harremanetan elkarrekiko errespetua sustatzearen aurka dauden feminitate eredu hipersexuatuak eta estereotipo hipermaskulinoak berresten dituzte etengabe: gorputz-objektu sexy eta pasiboa izatea da neskengan gehien baloratzen den ezaugarria, eta ahalik eta sexu harreman gehien edukitzea gizon dominanteen rola, besteak beste.

Feminismotik
Errealitateaz eta gertakizunez dugun pertzeptzioan hedabideek paper erabakiorra jokatzen dutenaz jabetuta, mugimendu feministak behin eta berriz aldarrikatu du indarkeria matxistaren auzia benetako gizarte arazo gisa tratatu beharra eta, egunkarietako gertaeren ataletik aterata, berezko espazioa eskaini beharra. Azken urte hauetan zenbait pauso kualitatibo ikusi ditugu norabide horretan batez ere euskal prentsaren baitan, baina, oraindik ere, sentsazionalismoz beteriko edukiak argitaratzen dituzte beste komunikabide askok; muturreko kasuei erreparatzen diete normalean eta andrazkoak biktima pasibo gisa ageri dira beti, objektu modura beste behin: hildakoak, jipoituak eta bortxatuak. Aldiz, ez dira ikusarazten beren burua defendatzeko gai izan diren nesken testigantzak adibidez, eta horrelakoak estaltzeak emakumeen ustezko ahulezia eta beldurra elikatu besterik ez du egiten. Gainera, zenbaitetan, albistegiek berez biktima direnak erantzule bilakatzen dituzte "ez zuen salaketarik jarri" moduko esaldien bitartez eta, salaketa egon badagoen kasuetan, ez dituzte ondorengo akats eta hutsune juridikoak ezagutarazten. Bestalde, gutxitan pertsonifikatzen da erasotzailea, ebidentzien aurrean ere ustezkotzat hartzen dute eta bere jatorria ez den beste daturik ez digute helarazten. Baina, indarkeria matxistak marraztu duen panorama latz honi buelta emateko eta benetako berdintasunerazko bidea zabaltzeko, zer egin? Emakumeek, automaitasunagatik bada ere, autoboteretzeari ekin behar diotela aldarrikatzen dute kolektibo feministek, beren buruaren jabe direnez gero ezetz esan dezaketela sinetsi; eta gizonezkoek jaiotzetik pribilejiatu bilakatzen dituen patriarkatuari eta indarrean den gizontasun eredu hegemonikoari ezetz esan behar diotela.

Gizontasun eredu berrien bila
Mugimendu feministak eta emakume taldeek aspaldi heldu zioten feminitatearen eta maskulinitatearen inguruko teorizazioei; egindako lanak erro sendoak sortu ditu andrazkoengan, eta erasoen aurrean jarrera tinko eta bateratua azaltzen dute, salbuespenak salbuespen. Bestelako gizontasun eredu bat eraikitzearen aldeko mugimenduek, aldiz, 70eko hamarkadan ikusi zuten argia. Feminismotik edan dute, eta pixkanaka aurreneko urratsak egiten hasi dira. Lan zaila dute, ordea; gizonezko askok oraindik indarkeria matxistaren auzia emakumeen arazo gisa ikusi eta ulertzen baitute, eta, neurriak hartzekotan, neskek hartu behar dituztela uste baitute. Jokamolde hau aldatzeak, argi dago, jendartea sakonetik eraldatzea galdatzen du, errotiko aldaketa estrukturala gauzatzea.

Parekidetasuna gizonezkoen ikuspegitik lantzen hasi diren elkarteek hainbat bide proposatzen dituzte horretarako. Hasteko, gizonek kontziente izan behar dute sozializatzeko edo jendarteratzeko duten moduaz, eta horrek ingurukoengan eragiten dituen ondorioez. Txikitatik, jolasen bidez ikusi eta ikasi dute bortxa edozertarako erabili daitekeela eta zilegi dela, baita ere, emakumeak euren esanetara jartzeko erabiltzea. Horrenbestez, mutilek birpentsatu beharra dute zer nolako harremanak nahi dituzten beren senitartekoekin, lagunekin eta bikotekideekin; nola tratatu batzuk eta besteak, eta benetan emakumeak pareko izaki bezala ikusten dituzten ala ez.

On:Giz moduko elkarteek funtsezkotzat dute gizonezkoei zuzendutako formazio eta sentsibilizazio ekintza eta kanpainak antolatzen jarraitzea, eta erakunde publikoek, gizartearekiko duten erantzukizunagatik, auzi honetan gehiago inbertitu beharko luketela uste dute. Ez soilik indarkeriaren ondorioak leuntzeko, horretara ere, zoritxarrez, errekurtso ugari bideratu behar dituzte, baina baita prebentzio lanak, ikerketak, programak, eta abar bultzatzeko ere.
Honetan guztian badago, gainera, hitz gako bat: enpatia. Hau da, gizonezkoek gai izan behar dute emakumeen lekuan jartzeko eta pentsatzeko zer sentitzen duten haiek larunbat gau batez etxera bakarrik itzultzen direnean, edota senarrak zaplasteko bat ematen dienean. Horrek aurrerapauso handia ekarriko luke, eta indarkeria matxistaren aurrean posizionamendu politiko eta sozial argiagoa hartzen lagunduko lieke mutilei, erasoak arbuiatzen dituztela ozen eta beldurrik gabe esanez, beren iritzia publikoki adieraziz. Historikoki gizonena izan den plazan, emakumeekin elkarlanean, andrazkoen aurkako oldarraldiak, bortxaketak, hilketak, mota guztietako sexu erasoak eta mehatxuak onartzen ez dituztela argi utzi behar dute, baina fokua berenganatu gabe.

Lide Marco (Arrats elkarteak kudeatzen duen emakumeentzako harrera etxeko psikologoa)



"Bere denbora kontrolatzen badu, edo jeloskorra eta posesiboa bada; desleiala dela eta beste mutilak xaxatzen ibiltzen dela leporatzen baldin badio behin eta berriz; lagunekin eta senitartekoekin egoteko trabak jartzen badizkio apurka-apurka isolatu nahian eta, gainera, hauen aurrean barregarri uzten saiatzen bada etengabe; bere diru-sarrerak eta gastuak erakustera behartzen badu edo irabazten duen dirua kentzen badio eta, horretaz aparte, alfer eta ergel sentiarazten badu; harreman sexualak bortxazkoak badira, mehatxatzen badu, balio emozionala duten gauzak puskatzen badizkio... seinaleak dira, baliteke buruan duzun pertsona hori infernutik atera ezinik egotea."

Ana Mozos (Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko Genero Indarkeriaren Batzordeko kidea)



"Datu zehatzak eta estatistikak ez ditudan arren, nik eramaten ditudan kasuengatik badakit gazteen artean ugaritu egin direla indarkeria matxistari lotutako jazoerak, eta horrek, halaber, berarekin dakar biktima eta erasotzaileen arteko harremanak epe laburragokoak izatea. Honek bi irakurketa dauzka, bi motiborengatik gerta daiteke: batetik, emakumeok barneratuago dugulako ez dugula zertan erasorik jasan behar eta salaketak errazago jartzen ditugulako, errudun sentitu barik; edo, bestetik, jendartea gero eta bortitzagoa delako, eta gazteek ere era arruntagoan erabiltzen dutelako indarra. Biktimei eskaintzen zaien babesari dagokionez, sistema nahiko eraginkorra dela esango nuke, baina heziketan eta arlo psikologikoan asko dago oraindik lantzeko, prebentzioa baita gakoa."

Margaret Bullen (Antropologoa eta EHU-ko irakaslea)



"Oinarri soziokulturalak dituen arazoa da hau eta, hortaz, genero sistemetan bilatu behar ditugu kausak. Estimulu mediatikoek, eskolak eta gizarteak berak irudi estereotipatuz bete dute gure imaginarioa. Txikitatik, emakume femenino edo gizon maskulino izateko molde jakin bat txertatu digute buruan, hitz egiteko modutik hasi, janzteko erarekin jarraitu eta maitatzeko maneraraino. Maitasun erromantikoaren eta familia zoriontsuaren idealak gizarte antolaketa asimetriko tradizionala elikatzen du non, oraindik ere, gizonezkoak duen rol dominantea. Gure eguneroko bizitzetan errotuta dagoen indarkeria estruktural eta sinboliko hau isilagoa da, antzematen zailagoa, batez ere komunikabideek naturalizatzen dutelako: andrazkoen gorputza objektibizatuta eta hipersexuatuta ageri da telesailetan nahiz bestelako edukietan, eta gizonezkoak indar fisikoari estuki loturiko eredu hipermaskulino hegemonikoaren menpe daude."

Kattalin Miner (Kazetaria eta Medeak-eko kidea)



"Eraso matxista guztien %5 besterik ez dira heltzen hedabideetara, ez bada okerrena gertatzen, ez da irtengo plazara. %100 kontatuko bagenu, kazeta oso bat beteko genuke egunero, eta ez da posible, jakina, baina bai da premiazkoa irakurketa sakonagoak egitea auziaz, zergatiak fokalizatzea eta gaia beste ikuspegi batzuetatik ere jorratzea. Oraindik orain zabaltzen diren edukiek ekiteko eta erantzuteko gaitasun oro ukatzen diete neskei, eta epaitegietatik ere antzeko mezuak heltzen zaizkigu Fiskaltzak autodefentsa praktikatzen duen emakume bat auziperatzen duen bakoitzeko."

Mikel Otxotorena Fernandez (On:Giz elkarteko kidea)



"Gizonezkoen eraikuntza sozialean indarkeriak funtsezko papera bete du orain arte eta betetzen du oraindik; mutikoei haurrak direnetik indarra erabiliz jolasten erakusten zaielako, eta horrek bortxaren erabilera legitimatzen duelako. Hortaz, bilatzen ari garen aldaketa guztiz estrukturala da eta, egun batetik bestera gertatzea gustatuko litzaigukeen arren, ezinezkoa da. Horregatik, erakundeetatik egiten den lanaz gain, gutako bakoitzaren ekarpena ere beharrezkoa da. Gizonei zuzendutako sentsibilizazio kanpainen bidez emakumeek dagoeneko egina duten bidea osatzea falta zaigu, gu ere auzi honen parte garela ikusi, eta enpatiaren bidez andrazkoen lekuan jarri, sentitzen eta bizitzen duten horretaz kontziente izan gaitezen."