Gailurreko pirata

Istoriotxo bat kontatu behar dizuegu oraingo honetan eta sarearekin lotutako gairik interesgarrienetako batera joko dugu. Enpresari bihurtutako hackerrak protagonistak dituzten hamaika istorio (edo mito) daude. Hauxe da Kim Schmitzen kasua, hackerra garai batean eta interneteko enpresaria orain. Kimek LetsBuyIt.com enpresa zulotik atera lezake. Izan ere, enpresa hau porrotetik oso gertu ibili zen, baina hala ere, negozioari eustea lortu zuen urtarrilaren 25ean, Schmitzek sortutako Kimvestor inkubagailuari esker. Biziberrituta, baina beldurrak jota oraindik, LetsBuyIt.com-ek egitura aldatzeko plana ezagutarazi du duela gutxi.
Kim Schmitzek 27 urte ditu, hackerra da eta NASA, CIA, FBI eta Pentagonoaren datu baseetan sartzea lortu zuen, besteak beste. Hori dela eta, hackerra izateagatik hain zuzen, kartzelan egon behar izan zuen epe batez. Gobernu guneak ezezik, ( hackerrek gune hauen kontra egitea atsegin dute gehien, segurtasun sistemarik zorrotzenak omen dituztelako), hainbat banketxe ere erasotu zituen, Citibank esaterako. Kim banketxearen informatika sistemetan sartu, eta lau milioi bezeroren kontuetatik Greenpeace erakundeari 20 milioi dolarreko transferentzia egitea agindu zuen, bezero bakoitzari diru kopuru txiki bat kenduta. Nabaria denez, sarean dabiltzan hacker eta crackerretako batzuek ez dute euren patrikak diruz betetzeko inongo asmorik. Guztira, mota honetako 2.006 ekintza leporatu dizkiote Kimi.
" Txikitatik zerbait handia egin nahi nuen. Hackerren munduan sartu nintzenean, gailurrera iritsi nahi nuen eta azkenik lortu dut", adierazi du Kimek. Tontorra 1993an zapaldu zuen Pentagonoaren ordenadoreetan sartzea erdietsi zuenean. "Ali Baba bezalakoa izan nintzen", esan du. Dena den, hacker ibilbidean hesia jarri zioten: 1996an polizia bere etxean sartu zen, Munich-en, eta Kim maitea atxilotu eta hiru hilabetetarako kartzelaratu zuten. Espetxetik atera ondoren enpresa andana batek lan eskaintza egin zion gazteari, informatika segurtasun sailburu izan zedin. Schmitzek, ordea, muzin egin zien eskaintza guztiei eta urte hartan bertan, Dataprotect enpresa sortu zuen. Dataprotect-ek informatika segurtasunean dihardu gaur egun.
Garai bateko piratak, enpresari bihurtuta, LetsBuyIt.com enpresari 50 milioi euroko inbertsioa egingo diola eta zulotik aterako duela agindu dio. Schmitzek enpresa honi ezarritako lau milioi euroko fidantzaren laurdena ordaindu du, baita askoz milioi gehiago eskaini ere, administrariek likidazioa eskatu baino ordu batzuk lehenago. "Enpresa honek eztanda egin eta Yahoo!-k eta Amazon-ek edo beste edozeinek baino askoz diru gehiago irabaziko du", adierazi du Schmitzek...