Gailu elektronikoentzako kargagailu unibertsala izatea proposatu du Europako Batzordeak

Gailu elektronikoentzako kargagailu unibertsala izatea proposatu du Europako Batzordeak Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak onartu beharko du neurria, eta industriak bi urteko epea izango luke egokitzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gailu-elektronikoentzako-kargagailu-unibertsala-izatea-proposatu-du-europako-batzordeak/@@download/image/iphone-charger.jpg
2021/09/24

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak onartu beharko du neurria, eta industriak bi urteko epea izango luke egokitzeko.
Gailu elektronikoentzako kargagailu unibertsala izatea proposatu du Europako Batzordeak

Europako Batzordeak gailu elektronikoentzat kargagailu bakarra eta unibertsala bultzatzearen aldeko apustua egin du, 2014ko Irrati Ekipamenduen Europako Zuzentaraua berritzeko proposamena eginez. Berrikuntzak sakelako telefono, tablet, argazki kamera digital, bozgorailu eramangarri, aurikular zein eskuko bideokontsolen kargarako gailu bera izatea du helburu. Horretarako, C motako USB ataka erabiltzea da asmoa. Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak onartu beharko du neurria eta, hala izanik, industriak bi urteko epea izango du aldaketara moldatzeko.

Androik gailuek erabili ohi dute C motako USB ataka eta, beraz, Apple markako produktuei eragingo die gehienbat aldaketa honek, azkenaldian merkaturatutako zenbait gailutan mota horretako atakak jarri dituzten arren. Sagarraren irudia erabiltzen duen konpainia ez dago oso konforme proposamenarekin, "berrikuntzari ateak itxi eta kontsumitzaileei kalte egingo diela eta". Gainera, egokitzeko epea "laburregia" dela adierazi du Tim Cooken enpresak.

Kargagailuen eta gailuen salmenta bereiztea ere badu jomuga Europako Batzordeak, erabiltzaileentzat abantaila izateaz gain, ingurumenarentzat ere onuragarria izango dela uste baitu. Izan ere, kalkuluen arabera, urtean 11.000 tona zabor elektroniko sortzen da erabili gabeko zein botatako kargagailuekin. Europako Batzordeak emandako datuak kontuan hartuta, 2020an 420 milioi sakelako eta gailu elektroniko eramangarri saldu ziren Europar Batasunean, eta kontsumitzaile bakoitzak  hiru kargagailu ditu etxean batez beste, nahiz eta horietatik bi erabili ohi dituen maiztasunez. 

Neurriak ez die eragingo, oraingoz, ordenagailu eramangarriei, aurikular txikiei, erloju adimentsuei eta ariketa fisikoa neurtzen duten gailuei, tamaina eta erabilera baldintzak direla eta.