Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute
Bilboko Udalak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 39. edizioa jarri du abian, literatura-sorkuntza sustatu eta euskarazko autore garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazten laguntzeko asmoz. Ohiko moduan, euskarazko eta gaztelaniazko alorrak izango dira, eta modalitate batera soilik aurkez daiteke obra. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.
Lehiaketa 18 urtetik gorako edozein nazionalitateko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diren lanen jatorrizko hizkuntza Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, ez baita itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere hamabost orrialde izango dituzte.
Parte hartzeko epea martxoaren 30era arte egongo da zabalik, eta ipuinak formatu digitalean aurkeztu beharko dira Bilboko Udalaren webgunean. Bertan, formularioa behar bezala bete eta lana PDF formatuan erantsi behar da, nortasuna adierazi gabe eta nor den argitu dezakeen aipamenik egin gabe lanaren orrialde batean ere. Oinarriak hemen daude kontsultagai.
3.500 euroko saria eta 1.750 euroko bi akzesit izango dira modalitate bakoitzean. Saritutakoek eurek joan beharko dute sari-banaketaren ekitaldira, eta bertaratzea ezinezkoa balute, ordezkoa bidaliko lukete. Sariak banatzeko ekitaldia 2022ko azken hiruhilekoan izango da. Epaia Bilboko Udalaren webgunean argitaratuko da. Modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatura arloko pertsona ospetsuek osatua.
Karmele Mitxelenaren Begi urdinak ipuina izan zen iazko irabazlea euskarazko modalitatean. Bi akzesitak Juan Mari Atutxaren Mandragorak eta azeri-buztanak eta Nerea Arrutiren Lope de Aguirre, Traidore ipuinentzat izan ziren.
Arestiren arrastoari jarraiki
Gabriel Arestik (Bilbo, 1933 – 1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, eta, horrez gain, literatura unibertsaleko zenbait lan itzuli zituen euskarara eta Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu zuen. Idatzi zituen lan ezagunenak Euskal harria, Harrizko herri hau eta Harri eta herri olerki liburuak dira.

