Gabriel Aresti: Gure harria

Gabriel Aresti: Gure harria https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
1933an jaio zen Gabriel Aresti. Bilbon. Bertako erdal eta langile giroan bizi izan zen gaztaroan. Hamabi urterekin hasi zen euskara ikasten. Administrari ikasketak egin ondoren, Bilboko portuko bulegoetan lan egin zuen. Orduan hasi zen garai hartako aldizkarietan idazten: "Euzko Gogoa", "Egan" edota "Zeruko Argia"-n. Gerra osteko errepresio gogorrak bere izaera eta literaturgintza erabat markatu zituen, bere belaunaldikoekin gertatu zen antzera.  
1959an irabazi zuen lehen saria, "Maldan behera" poemarekin. Euskal literatura berritu beharrak bultzatuta, uzta oparoa eman zion gure letren errepublikari. Hor ditugu hain esanguratsuak diren "Harri eta Herri" mitikoa, "Euskal Harria" edota "Harrizko Herri Hau" poema liburuak (Susa argitaletxean eskuragarri). Poesia sozialaren ildotik, sekulako eraberritzea ekarri zuen gurera, eduki eta molde aldetik euskal poesia modernoaren aita kontsideratua izateraino. Garaiko gazteriak zituen kezkak islatu zituen bere poemetan. Arrangura nazional eta sozialak. Oskorrik musikatu ditu Arestiren poema asko eta asko. Poeta bezala ezagunagoa izan arren, gainontzeko generoetara ere hurbildu zen. Bereziki, antzerkira.  
Bere obra literarioaz gain, lan eskerga egin zuen Arestik euskalgintzan. Lur argitaletxea sortu zuen, idazle gazteenei babesa emateko. Iritzi artikulu ugari kaleratu zituen hainbat aldizkaritan, garaiko kontraesanak salatzeko. Euskaltzaina izaki, euskararen batasunaren alde ere ahalegin handia egin zuen, bai Arantzazuko bileran eta bai ondotik etorri ziren saioetan. Bere burua ateo eta komunista bezala agertu zuenez, polemika garratzak izan zituen garaiko euskaltzain fededun askorekin. Horretan ere apurtzailea izan genuen bilbotarra. Pentsatzen zuena garbi esaten zuten horietakoa baitzen Aresti. Sutsua. Ironikoa.  
Gazte hil zitzaigun. 1975ean. Bera gabe, ezin da gaurko literatura ulertu.