Gabonak munduan

Gabonak munduan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gabonak-munduan/@@download/image/58p16-1.jpg
2005/12/02
erreportajea
Ainhoa Furundarena
Inoiz pentsatu al duzue gabonetan atzerrira joatea? Beste herrialde batzuk eta haien usadioak ezagutu nahi dituzue? Bada, ez duzue oso urrutira joan beharrik. Argi irakurri orrialdeok, eta gero, erabaki!             

Gabonak mundu osoan ospatzen dira, eta herri guztiek dituzte beren ohiturak. Baten batek atzerrira joatea erabakitzen badu, hona hemen zenbait aukera.

Alemania

Alemanian, abenduaren 6an hasten dira Eguberrietako prestakizunak, normalean: etxeak apaintzen dituzte, eta gailetak egin. Adibide bat jartzearren, fruituzko panpin txikiak dira apaingarrietako bat. Horretaz aparte, umeek leihoan ipintzen dituzte beren eskutitzak, Christkind-i zuzenduta, Jesusen aingeru mezulariari, alegia. Eta nola ahaztu jengibrezko etxeak, horrexegatik baitira famatuak alemaniarrak!

Argentina

Beste herri batzuetan bezala, familia osoa elkartzen da Argentinan abenduaren 24an. Han, bakoitzak menuaren zati bat eraman behar izaten du. Eguberri-garaia udan izaten denez, entsaladak dira nagusi hango otorduetan, txerri gazi-geza, haragi egosia eta sagardoarekin batera. Europatik hartutako ohitura bat ere badute: turroiak eta ogi gozoa.

Australia

Australian, ohiturazko afarietan, ez dira sekula faltako indioilarra urdaiazpikoarekin eta "plum" pudina. Uda-garaia izanik, australiar batzuek aire zabalean egiten dituzte afariak; ospe handia dute, esaterako, Sydneyko Bondi hondartzako festek. Melbournen, aldiz, ohitura ezaguna da gabon-kantak abestea, "Gabon kantak kandelen argira" deituriko gauean.

Ameriketako Estatu Batuak

AEBtako hainbeste film ikusita, seguru asko mundu guztiak ezagutzen ditu Estatu Batuetako ohiturak. Festa asko izaten dira. Han, usadio zaharra da mihura landarea: bikote batek, mihuraren azpian topatuz gero, muxu eman behar izaten dio elkarri. Baina, horrez gain, pontxea edo eggnog-a hartzen dute. Ba al dakizue nola egiten duten? Adi egon: esnea, azukrea, kanela, intxaur muskatua eta egin gabeko arrautza sorta bat nahasiz prestatzen dute edari hori. Gainera, AEBtik gureganatu dugu gaur egun Euskal Herrian boladan dagoen usadio bat: "Secret Santa" edo "lagun ikusezina" delakoa.

Ingalaterra

Erdi Arotik hona, ingelesek "mummings" deituriko antzerkiak egiten dituzte, mozorrotutako pertsonek lagundurik. Ameriketako Estatu Batuetan bezala, mihura dugu protagonista, sabaitik zintzilik. Ziur aski, herri guztiek dituzte beste guztien begietara ohitura arraroak izan daitezkeen usadioak. Ingalaterran, esaterako, pudina nahasteko ohitura bitxia dute. Familia guztiak egin behar izaten du hori abenduko lehen igandean, eta ekialdetik hegoaldera, gainera; hori egin bitartean, nahi edo desio bat eskatzen dute. Bestalde, abenduaren 26a "Boxing Day" eguna da Ingalaterran, eta hango karitate-kutxa guztiak irekitzen dituzte, familia behartsuei eskaintzeko.

Japonia

Japoniarren %1ek baino ez du sinesten jainko kristauan. Hala ere, ia guztiek apaintzen dute beren etxea, eta opariak ematen dizkiote elkarri.