'Friends' telesaileko Matthew Perry aktoreari buruzko dokumentala argitaratuko du Netflixek

'Friends' telesaileko Matthew Perry aktoreari buruzko dokumentala argitaratuko du Netflixek Bere arrebetako bat izango da hiru atalez osatutako dokumentalaren narratzailea. Urrian estreinatuko dute lana, bere heriotzaren urteurrenaren bezperan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/friends-telesaileko-matthew-perry-aktoreari-buruzko-dokumentala-argitaratuko-du-netflixek/@@download/image/HRLM7WlWwAAq2LW.jpg
2026/09/09

Testua: Maitane Legarreta

Bere arrebetako bat izango da hiru atalez osatutako dokumentalaren narratzailea. Urrian estreinatuko dute lana, bere heriotzaren urteurrenaren bezperan.
'Friends' telesaileko Matthew Perry aktoreari buruzko dokumentala argitaratuko du Netflixek

Matthew Perry aktoreak hainbat lan egin zituen, baina zalantzarik gabe, 1994tik 2004ra bitarte egindako Friends telesail ezagunak eman zion osperik handiena jendartean. Chandler Bing pertsonaiaren papera jokatu zuen telesail hartan, eta jarraitzaileen artean pertsonaia kutunenetako bat izan da hura. Streaming plataformei esker, belaunaldi berriek ere deskubritu dute telesaila eta Matthew Perryk bertan egindako lana. 

Udazkenean, urriaren 28an, izango da aktorearen heriotzaren hirugarren urteurrena. Nahi gabeko gaindosi baten ondorioz hil zen, 54 urterekin, eta autopsiaren arabera, ketaminaren efektuen eraginez izan zen. Aktoreak jendaurrean eta berak idatzitako liburuan hitz egin izan zuen hainbat substantziekin izandako menpekotasunari buruz, eta errehabilitazioan hamabost aldiz egon zela ere aitortu zuen. Bere familiakoek eta lagunek Matthew Perry House fundazioa ere sortu zuten mendekotasun prozesuetan dauden pertsonei laguntzeko. Hain zuzen ere, Caitlin Morrison, aktorearen arrebetako bat, da bertako zuzendaria.

Hala, heriotzaren urteurrenaren harira,  Netflixek The One About Matthew Perry dokumentala estreinatuko du urriaren 27an. Netflixek ohar batean azaldu duenez, "Friends telesailaren 236 ataletan zehar, Matthew Perryk munduari barre eginarazi zion Chandler Bing interpretatuz. Eguneroko kezkak telebistako esaldirik ezagunenekin ordezkatu zituen, eta milioika pertsonen lagunik gogokoena bilakatu zen. Baina barreez gain, bere bizitzaren zati handi batean pairatu zuen adikzioaren aurkako borrokarekin zerikusia zuen minari buruz ere zintzoki hitz egin zuen Perryk". 

Dokumentalak hiru atal izango ditu, umea zenetik aktore ezagun bilakatu zeneko ibilbidea erakusteko, eta senitartekoen, lankideen eta lagunen testigantzak bilduko ditu. Aktorearen arreba gaztea den Mia Perry Bowickek egin du narrazio edo kontakizun nagusia, eta familiakoen argazki eta bideoak agertuko dira: "Denbora behar izan dut oroitzapenak eta Matthew maitatzeak esan nahi zuena partekatu ahal izateko. Pertsona oso bat bezala ikusteko, ez Chandler gisa bakarrik, baizik eta adikzioaren aurka borrokatu zuen pertsona modura".

Aktoreak berarengan utzitako arrastoa ere azpimarratu du: "Gaur egun naizen pertsonan, izan nahiko nukeenean, eta nire lanean eragina izan du. Bihotz ederra eta arima eskuzabala zuen, eta momenturik ilunenetan ere, barre eginarazten zizun eta maitatua sentiarazten zintuen. Dokumentalak pertsonalki edo distantzian maite izan zuten guztiek Matthew benetan izan zena modu sakonagoan estimatzeko eta hark utzitako ondarea hobeto ezagutzeko balioko duela espero dut". 

Mary Robertsonek zuzendu du dokumentala, eta Matthew Perry "gure garaiko komediaren jenioetako bat" izan zela nabarmendu du: "Filmen, telebistako agerraldien, antzezlanen, eta Chandler Bing-en interpretazio ahaztezinaren bidez, barre eginarazi zuen, jendearekin konektatu zuen eta milioika pertsonari hain bakarrik ez zeudela sentiarazi zien. Adikzioari buruz ausardiaz hitz egitea are ekarpen handiagoa izan zen. Hala ere, publikoak bere istorioaren zati bat besterik ez zuen ezagutzen, eta horregatik erabaki genuen dokumentala sortzea: Matthew maite eta ezagutu zutenek pertsonaia publikoaren atzeko pertsona erakutsi dezaten".