Freegan

Ezaguna da mendebaldeko gizarte oparoetan behar baino gehiago kontsumitzen dela. Gure inguruan ohikoa den gain-produkzioak gurea bezalako beste hainbeste gizarte sustenga ditzake. Behar dutena baino gauza material gehiago dituztela ohartzen dira hainbat pertsona, eta askoren ahotan dago egoera honi irtenbidea ematearen beharra.
Egon badaude: behar eta daukagunaren arteko desfase hori konpondu nahi dutenak existitzen dira. Esaterako, kontsumo kontziente baten aldeko apustua egiten duten hainbat ekimen aurki ditzakegu. Baina niri arreta eman didatenak, kontsumo kontzientea aldarrikatzen dutenak baino, kontsumo eza aldarrikatzen dutenak dira.
Mugimendu honek Freegan izena hartu du (free eta begano hitzak elkartuta) eta (nola ez!) AEBetan hasitako ekimena da. Beraien funtsezko helburua sistema ekonomiko konbentzionalean ahalik eta gutxien parte hartzea da, eta, era berean, baliabide ororen kontsumoa minimalizatzea. Beraien ustez, etikarik gabeko produktu zehatzak boikotatu baino, mendebaldeko gizarteetako sistema ekonomikoa bere osotasunean boikotatu behar da.
Boikot hori aurrera eramateko, ez diote bizimodu aszeta bati ekiten landako herrixka isolatu batean. Beraien ekintzak hirietako ohiko bizilegea guztiz baztertu gabe eramaten dituzte aurrera. Zeintzuk dira, baina, ekintza horiek? Harrigarriena hauxe izan daiteke: kontsumitzen duten %90 denda eta supermerkatuetako zaborretatik hartutako produktuak dira. Janaria, jantziak, altzariak zaborretatik zuzenean eskuratzen dituzte. Bestetik, beren kontsumo maila hainbeste murriztu denez, ez dute apenas soldatapeko lanik egiten, eta bestelako lanetan inbertitzen dute euren denbora. Gure gizarteak ez dio zaborrari erreparatzen, baina harritzekoa da zenbat gauza aurki daitezkeen zaborretan, bururatzen zaizuen ia edozein objektu han baitugu eskuragarri. Eta eskura ez badago, elkar trukerako merkatuak antolatzen dituzte free-gan-ek.
Ez dakit jarrera honek gutxika gauzak alda ditzakeen, edo iluminatu batzuen ekintza isolatuak besterik ez diren. Baina argi dagoena zera da: ez dagoela publizistentzako amesgaizto okerragorik.