Frantziatik etorri zen iraultza

Frantziatik etorri zen iraultza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/frantziatik-etorri-zen-iraultza/@@download/image/68p56-1.jpg
2006/11/03
erreportajea
Gontzal Agote
Frantziatik etorri zen iraultza
Jatorrizko izenburua: "A bout de souffle" (1959)
Zuzendaria: Jean-Luc Godard.
Aktoreak: Jean-Paul Belmondo, Jean Seberg, Daniel Boulanger.

Berez, oso istorio arrunta kontatzen du Jean-Luc Godarden lehen film luzeak, genero beltzaren ohiko eskemetan sartuko zen "A bout de souffle"-k: munta txikiko gaizkile batek auto bat lapurtuko du, eta alde egiten ari denean, polizia bat hilko du. Handik aurrera, ihesean ibiliko da, Parisen ikasten ari den gazte estatubatuar bat konkistatzen saiatuko den bitartean. Horrela kontatuta, betiko pelikula dirudi.

Godarden film hau, ordea, guztiz iraultzailea izan zen, eta gaur egun ere, harridura mugagabea eragiten du. Behin ikusita, ahazten ez diren film horietakoa da honakoa. Aldeko sutsuak dituen horietakoa, aurkari gutxi. Ia mende erdia pasatu da "A bout de souffle" filmatu zenetik, eta oraindik orain, zaila da kalkulatzea zer nolako ekarpena egin dion zinemagintza garaikideari.

Ez gara hemen teorizazio baldarretan hasiko, ez gara tarte txiki honetan "Nouvelle vague"-ren ingurumariak aztertzen hasiko; horretan sakondu nahi duenak, badu nora jo. Gure burua 1959. urtean jarriko dugu: Ameriketako Estatu Batuetatik ailegatzen ziren pelikula gehienak, hura zen iturburu nagusia; baina zinemagintza klasikoa akitzen hasia zen. Forma haiek iraungita zeuden, forma haiek ez zietelako –estetiko eta ideologikoki- garaiko kezkei erantzuten.
Testuinguru horretan, Jean-Luc Godardek –François Truffaut eta Claude Chabrolekin elkarlanean- film txiki bat egin zuen, eta lurrikara handia eragin. Istorioan ez, formetan da guztiz berritzailea "A bout de souffle": muntaketa ero samarra, protagonista kamerari hizketan, mozketarik ez duten sekuentzia infinituak, (oinezkoen harridurarako) Pariseko karriketan egindako filmaketa ausartak, logelako solasaldi patxadatsuak... hori eta hamaika gauza gehiago aurkitzen ahal dira garai berri bat zabaldu zuen film honetan.

Dena den, bi irudi aukeratuko ditugu hemen. Lehena, Jean-Paul Belmondo Humphrey Bogarten afitxari begiratzen dionean. Godardek, bere mugimenduko kideek bezala, errespetu handia zion Hollywoodeko zinemagintza klasikoari, eta ke arteko begirada gurutzatu horren bitartez, zubi moduko bat eraiki nahi izan zuen.

Eta aukeratutako bigarren irudia, nola ez, Jean Seberg aktorearena Les Champs-Elysees gora, egunkari sorta bat eskutan duela eta "Herald Tribune, International Herald Tribune" oihukatzen, esaldi bera duen kamiseta bat soinean duela. Oraindik ere, Parisera joan eta Jean Seberg horrekin topo eginen dugula amesten segitzen dugu!