Frantziako zinema beltza emango dute Donostiako Nosferatu programazioan
Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak antolatutako Nosferatu ziklo berria bihar hasiko da Tabakaleran. Frantziako zinema beltzari, polar izenekoari, eskainiko diote programazioa. Zikloa abendura arte luzatuko da, eta hogeita hamar bat film proiektatuko dira guztira.
Lehenengo emanaldian, bihar, Louis Feuilladek Krimenaren Enperadoreari eskaini zizkion bost filmetatik lehenengoa ikusi ahal izango da: Fantômas: À l'ombre de la guillotine (1913). Dimitri Kirsanoffek zuzendutako Ménilmontant (1926) kultuko film ertaina ere emango dute.

Lehen hiruhilekoan hainbat zinemagilen lanak izango dira ikusgai, tartean Jean Renoir, Julien Duvivier, Jacques Becker eta Henri-Georges Clouzotenak. Frantziako zinemako aktore ezagunak izango dira pantailan, hala nola Jean Gabin, Michèle Morgan, Michel Simon, Jeanne Moreau, Eddie Constantine, Magali Noël, Robert Hossein eta Lino Ventura.
Honako film hauek ikusi ahal izango dira martxora bitarte:
- Urtarrilak 18: Fantômas: À l'ombre de la guillotine (1913)
Ménilmontant (1926)
- Urtarrilak 25: La Chienne (1931)
- Otsailak 1: La Tête d'un homme (1933)
- Otsailak 8: Le Dernier Tournant (1939)
- Otsailak 15: Le Corbeau (1943)
- Otsailak 22: La Môme vert de gris (1953)
- Martxoak 1: Touchez pas au grisbi (1954)
- Martxoak 8: Maigret tend un piège (1958)
- Martxoak 15: Des femmes disparaissent (1959)
Liburuen argitalpena
Bi liburu ere argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, El polar francés 1933-1982, Nosferatuko bildumako 19. zenbakia, Antonio Jose Navarrok koordinatu duena eta laster argitaratuko dena. Bigarrena, Iñigo Marzabalek koordinatua, Nosferatu bildumako 11. zenbakia, urte bukaeran editatuko da.

