Frantziak lesbianentzat eta bikoterik ez duten emakumeentzat lagundutako ugalketa onartu du
Behin betiko onarpena lortu du lege proiektuak bi urtez parlamentuan eztabaidagai izan ondoren.

Orain dela bi urte proposamena aurkeztu eta gero, azkenik astearte honetan Frantziako Asanblea Nazionalak proiektua onartu du, lesbianei eta bikoterik ez duten emakumeei, lagundutako ugalketarako atea irekiz, bikote heterosexualen baldintza berdinetan.
Gobernuak ospatu egin du legearen onarpena eta zin egin du ahalik eta azkarren prest edukitzea “2021a bukatu aurretik lehen haurrak jaio daitezen”. Alabaina, bere inplementatzioa aste batzuk atzeratu liteke diputatu kontserbadoreek errekurtso bat jartzen baldin badute.
Hala eta guztiz ere, talde parlamentarioko presidentea den Christophe Castaner-ek adierazi du “egun historikoa” dela, eta ez bakarrik emakumenetzat, baita berdintasuna maite duten guztientzat ere. Alta, lege berria ez da guztiei erabat irekia: gizarte-segurantzak lagundutako ugalketa bere gain hartuko luke 43 urte arteko emakumeentzat, honela adin muga bat ezarriz. Trans pertsonei ere eskubide hau esleitzeaz ez da hitz egin ere, LGTBIQ+ kolektibo batzuk salatu dutenez.
Laster Frantzian legea izango denaren neurri nagusiak honela dio: “Gizon edo emakumezko batez edota emakume batez ala bi emakumez osatutako bikote orok, edota ezkondu gabeko emakume guziek, lagundutako ugalketarako eskubidea izango dute. Eta ez da ezberdintasunik egingo eskaera egiten duenaren orientazio sexualaren arabera edo bere ezkontza egoeraren arabera”. Orain arte emakume lesbianek edo bikote gabeek ume bat eduki nahi bazuten lagundutako ugalketaren bitartez, beste herrialde batera bidaiatu behar izaten zuten. “PMA guztientzat”, horrela deitzen baita lagundutako ugalketa Frantzian, Macron-en kanpainaren promesa bat zen, nahiz eta bere txertatzea behin baino gehiagotan geratu duten alderdi kontserbadoreek gizartearen babes zabala izanagatik (frantsesen %67 horren alde daude).
Bikote lesbianengan pentsatuz, legeak “filiazio modu berri bat” aurreikusten du “aurretik aitortutako nahi” batean oinarritua. Honela dokumentu hau notario baten aurrean sinatu beharko dute bikote horiek haurra jaio aurretik. Dokumentu honek ahalbidetuko du bikoteko kide bakoitza jaioko den umearen ama bilakatzea, biek euren onespena emanez. Orain arte, erditzen duen emakumea bakarrik zen ama kontsideratua eta beste emakumeak adin txikikoa ofizialki adoptatu beharra zuen.
Lege berriak, esperma emaileen anonimatuari ere amaiera ematen dio. Modu honetara jaio diren haurrek, adin nagusira iristean, eskubidea izango duten beren jatorria ezautzeko eta emailearen identitatea jakiteko. Alabaina, debekatua egongo da emaileak bere esperma bikote ala emakume jakin bati ematea edo lagundutako ugalketa eskatutakoak emaile jakin bat aukeratzea.