Frantziak eta Espainiak neurriak hartu dituzte kontzertu eta diskoteketan koronabirusari aurre egiteko

Frantziak eta Espainiak neurriak hartu dituzte kontzertu eta diskoteketan koronabirusari aurre egiteko Txinan sortu eta zabaldu ondoren, COVID-19 edo koronabirusa Europan barna dabil, batez ere Italia eta Frantziatik. Baina Espainiar Estatua ere hasi da birusaren ondorioak pairatzen eta horrekin batera baita hego Euskal Herria ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/frantziak-eta-espainiak-neurriak-hartu-dituzte-kontzertu-diskoteka-eta-kirol-ekitaldietan-koronabirusaren-aurrean/@@download/image/img2.rtve.es.jpg
2020/03/11

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Txinan sortu eta zabaldu ondoren, COVID-19 edo koronabirusa Europan barna dabil, batez ere Italia eta Frantziatik. Baina Espainiar Estatua ere hasi da birusaren ondorioak pairatzen eta horrekin batera baita hego Euskal Herria ere.
Frantziak eta Espainiak neurriak hartu dituzte kontzertu eta diskoteketan koronabirusari aurre egiteko

Italian jada 7.000 positibo daude eta 366 heriotza. Asko jada “kaosaz” hitz egiten ari dira. Izan ere, Italiako 15 probintzia isolatuta daude eta bertako 16 milioi hiritarrek debekatua dute lurralde horiek abandonatzea apirilaren 3ra arte. “Erabat justifikatutako profesionalek” eta osasun arazoengatik larrialdi egoeren daudenei bakarrik onartzen zaie bertatik ateratzea eta oro har, biztanleei etxean egon daitezen eskatu diete agintariek.

Jende metaketak gerta daitezkeen esparruak ere (museoak, zineak, antzokiak, diskotekak, gimnasioak eta futbol estadioak besteak beste), ezin dira ireki. Kontzertuei dagokienez, nazioarteko artisten ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira Milan, Bolonia edo Verona bezalako hirietan.

Frantziari dagokionez, egoerak ez dirudi horren kezkagarria. Infektatutako 1.126 biztanle daude eta orain arte 19 heriotza egon dira. Langileen erabakiz Louvre museoa itxita dago eta gobernu frantsesak 5.000 pertsonatik gora elkartzen dituen ekitaldiak debekatu ditu. Aste honetatik oraindik muturrekoagoak diren neurriak ere hartu ditu: 1.000 pertsonatik gorako bilkurak debekatu ditu gaixotasunaren zabalkundea eteteko. Hori bai, ez diete eragingo protesta manifestazioei, azterketei eta aurreikusitako udal hauteskundeei. Garraio publikoari ere ez dio eragingo. Bai ordea, zenbait kontzertu potolori.

Eta Espainiar Estatuan zer? Salvador Illa Osasun ministroak atzo iragarri zuenez neurri berriak hartu dira koronabirusaren zabaltzea etetako. Espainian 1.600 pertsona daude kutsaturik eta 35 hildako utzi ditu birusak.

Espainiar gobernuak hartutako neurrien artean kirol ekitaldiak atea itxita ospatzea da arriskua dagoen lekuetan, hau da Madrilen, Gasteizen eta Errioxan. Horretaz gain, 1.000 pertsonatik gora elkartzen dituen jarduera eta ekitaldiak bertan behera geratzen dira Frantzian egin den bezala. Ministroak iragarritako neurriek kontzertuei eta diskotekei eragiten diete noski, eta debekua 15 egun luzatuko da, oraingoz. Gainera, 1.000 pertsonatik beherako jarduerak leku itxian egiten badira edukiera drastikoki murriztuko da heren batera.

Neurria gaurtik jarriko dira indarrean. Aurrerago komunikatuko dira bertan behera geratutako ekitaldien data berriak.