Fosdem 09 biltzarra

Fosdem 09 biltzarra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fosdem-09-biltzarra/@@download/image/94p12fosdem.jpg
2009/03/06
erreportajea
Gorka Julio
Fosdem, software librearen inguruko topaketa ezaguna, Bruselan egin dute aurten. Besteak beste, han izan ziren Librezale komunitateko kideak (www.librezale.org). Azken urte hauetan ugaritu egin dira tankera honetako jardunaldiak: teknologia eta informazioa gero eta garrantzitsuagoak bihurtu direla seinale. 

Zer da Fosdem?
Software librea eta kode askeen garapenean lan egiten dutenei zuzendutako nazioarteko ekitaldia da Fosdem (Free and Open Source Software Developers' European Meeting). Hainbat eragilek elkar ezagutzeko eta proiektuak partekatzeko gunea da, hain justu. Horrez gain, azken berrikuntzak aurkeztu eta proiektuei buruzko hitzaldietan parte hartzeko aukera ere izaten da. Fosdem-en parte hartzea doan da, antolatzaileek laguntza ekonomikoa eskertzen duten arren.

Fosdem 09

5.000 garatzaile baino gehiago bildu ziren otsailaren 7an eta 8an Université Libre de Bruxelles-en, Solbosh campusean, bederatzigarren Fosdem biltzarrean. Bertan Mark Surman (Mozilla Fundazioaren zuzendari exekutiboa), Bdale Garbee (Debian proiektuaren idazkaria) eta Leslie Hawthorm-en (Google Summer of Code) hitzaldiak entzuteko aukera izan zen. Hauez gain, beste hainbat hitzaldi interesgarri ere izan ziren. Esanguratsuenak, Theodore TS'o (Linux kernela eta ext4 fitxategi sistema), Mark Spevack (Fedora proiektua) eta Rob Savoye-renak (Gnas, flash erreproduzitzaile librea) izan ziren. Savoyeren hitzetan, "Software librea negozio-iturri gisa ikusten hasiak gara eta ez, orain arte bezala, zenbait eroren sorkuntza gisa. Duela gutxi arte, software librearen alorreko langileak etxerik gabeko pertsonak gisa ikusiak zeuden. Egun, aldiz, edonork erabiltzen du software librea. Alde horretatik, oso pozgarria da software libreak azken 20 urte hauetan mundu maila izandako eragina".

Guztira, 30 hitzalditik gora eskaini zituzten hainbat gairen inguruan: MuseScore, GnuTLS segurtasun liburutegiak, Tiki Wiki wikia eta Bazzar bidezko bertsio kontrola… Baina, hitzaldi hauez gain, bada biltzarra berezi egiten duen beste atal bat ere: garatzaileen gelak. Gela hauetan, software libredun proiektuetan dabilen jendea bildu eta horiei buruzko brainstorming-a edota proposamenak jasotzeko aukera paregabea izaten da.

Librezale

Librezale (http://librezale.org) komunitatea ere Fosdemen izan zen. Librezalek euskara informatika munduan bultzatzea du helburu, eta lantalde irekia da. Egindako lana etorkizunean ere baliagarria izan dadin, baina ez soilik horregatik, software librea lehenesten du Librezalek. Zein software erabili aukeratzeko garaian, gune edo plataforma desberdinetako programak lehenesten dituzte. Eta elkar ulertzeko ezinbestekoak direnez, formatu libreen alde egiten dute beti.

Labur-labur, aipa ditzagun Librezale-ren proiektuetako batzuk: Wordpress (blogak sortzeko tresna), Mozilla Firefox (nabigatzaile ezaguna) eta phpBB (foroak sortzeko tresnak). Aurrerantzean, softwareaz gain, lizentzia eta eduki libreen inguruan aurrerapausoak emateko aukera ez dute baztertzen. Zalantzarik gabe, Fosdem biltzarrean jasotako informazioa oso lagungarri izango zaie Librezale-koei ekimen berrietarako.

HARRITU GAITU


zortzi@2008 bozketa (http://zortzi2008.teknopata.net/index.php?title=Azala). Badakigu euskarazko tresna eta zerbitzuak gero eta ugariagoak direla, baina bozketa honek modu positiboan harritu gaitu: hainbat tresna berri ezagutzeko aukera eman digu.

KATXONDOENA



Gaur egungo baliabideei esker, euskara hizkuntza globala da; sarritan, baina, ematen du ez garela horretaz jabetzen. Bideo hau ikusi arte, adibidez: William Petersen, CSI Miami telesaileko Gill Grissom ezaguna, gabon kanta bat euskaraz abesten ageri zaigu (http://euskaltube.com/play.php?vid=3128). Tumatxa!

INFORMAZIO BILA


Al Jazeera Creactive Commons (http://cc.aljazeera.net/):
Al Jazeera telebista kate ezaguna bere edukietako batzuk Creative Commons-ekin (baimen librea) kaleratzen hasi da. Horri esker, hainbat dokumentu interesgarri ikus (eta erabili) ahal izango ditugu, besteak beste, Israelek Gazan egindako eraso lotsagarrien irudiak.