Formol Laborategiaren 'Album' antzezlanaren estreinaldia Azpeitian
Formol Laborategiak Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketan estreinatuko du Album antzezlana. Gaur egungo euskal gazteria osatzen dutenen hainbat kezka kolektibo plazaratuko dituzte obra honetan, eta hainbat galderari erantzuteko ahalegina egingo dute: nor diren, zer espero den eurengandik, zein norabidetan daramaten gizartea...
Sortzaileek adierazi dutenez, millennial belaunaldi honen ezaugarriak eta haien artean sortzen diren kontraesanak eszenikoki ikertu nahi izatetik sortu da Album. "Bizi kalitate, hezkuntza eta baldintza onenak izan ditugunok, gure bizitzak gobernatu ezinean gabiltzanaren irudia ematen dugu: infantilizazioa, prekarizazioa, frustrazioaren tolerantzia eza, pazientziarik eza, grin falta, gainformazioa, bizitzan galduak... Ados, sintomatologia hori guztia geure gainean zamatuko dugu. Izaki hauskorrak izateak eramango gaitu leku ez erosoetara, eta ikusleekin egin nahi dugu leku horietarako bidea. Zer esango dugu, zerbait esateko esan badigute? Hortik hasiko da guztia", azaldu dute. Industriala, distopikoa, errituala, kitsch-a, subertsiboa eta garratza den artefaktu bat sortzea izan da euren asmoa, "gaur egungo gizarte eta gizakiaren ezlekuak ezagutu eta abitatzeko aukera emango diguna".
Intza Alkain eta Mikel Ibarguren dira antzezlaneko aktoreak, eta Edurne Azkaratek zuzendu du obra. Argiztapenaz, berriz, Miriam Ubanet arduratzen da.

Lehen emanaldia bihar izango da, hilak 11, 19:00etan, Soreasu Antzokian eta sarrerak Interneten eros daitezke. Estreinaldiaz gain, beste hainbat hitzordu ere badituzte lotuta datozen hilabeteotan: azaroaren 12an Zornotzan, abenduaren 3an Oñatin, abenduaren 5ean Lesakan, abenduaren 6an Durangon, abenduaren 12an Luhuson, abenduaren 17an Oionen, abenduaren 19an Usurbilen, urtarrilaren 28an Zumaian, otsailaren 12an eta 13an Donostian, eta martxoaren 12an Hendaian.
Formol Laborategia, 2019. urtean jaio zen egungo euskal kulturak planteatzen dituen hainbat erronkei heltzeko asmoz. Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibargurenek osatzen dute kolektiboa. Kideen hitzetan, "euskal antzerkian gazteok daukagun tokia esploratzeko nahietik eta bide eszeniko berrietan sakontzeko motibaziotik jaio da. Geure belaunaldiaren ahotsak, ardurak, iruditeria eta kontatzeko modua deskubritzea eta beste gazte sortzaile batzuekin saretzea dugu helburu". Album antzezlana da aurkeztu duten lehen lana, 2020ko ZUBI deialdiaren irabazle izan dena eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan duena ekoizpenean.


