Formol Laborategiak 'Album' antzezlanaren bira amaiera ospatzeko jaialdia egingo du maiatzean
Formol Konpainiak Album antzezlanaren berrogei emanaldi egin ditu Euskal Herrian eta birari amaiera emateko Nire Bizitzarekin Ez Dakit Zer Egin Fest antolatu du maiatzaren 13an, larunbata, Errenteriako Lekuona Fabrikan.
Album-en azken emanaldi berezia egingo dutela iragarri dute, musikariek bira amaierako kontzertuekin egin ohi duten bezala: "Gure belaunaldi-kideei aitortza serio bat egin nahi diegu eta iraganerako bidiaia nostalgiko bat eskaintzea izango dugu helburu. Musikariek kolaborazioak egiten dituzten moduan, kulturako alor ezberdinetako jendea gonbidatuko dugu, guretzat erreferente izan direnak. Belaunaldi baten iruditeria azken album batean jasoko dugu".
Nire Bizitzarekin Ez Dakit Zer Egin Fest jaialdian kolaborazio asko izango direla jakinarazi dute, eta musikaren alorrean bi talde arituko direla aurreratu dute: Merina Gris eta DJ Miau eta lagunak. "Belaunaldi baten ahotsa bildu, nostalgia ospatu eta auto-omenaldi hau egiteko ezin genuen bidelagun hoberik topatu", azaldu dute.

Formol Laborategia euskal kulturaren transmisioa bermatu eta antzerkigintzan esperimentazioa eta lengoaia berriak esploratzeko asmoz sortu zen. Bestetik, belaunaldi bereko kideak antzokietara hurbildu eta publiko berria sorraztea ere izan dute helburu. Ibilbide horretan berrogei emanaldi, eskoletan bitartekaritzak, eta EHAZE eta Susa argitaletxearekin lankidetzan sortutako Album liburua egin dituzte.
Lortutakoa ospatzeko parada izango da maiatzaren 13koa beraz. Arratsaldeko zortzietan hasiko da jaia eta ordu erdi lehenago irekiko dituzte Lekuona Fabrikako ateak. Sarrerak hamar euroan daude salgai Oreretako Udalaren web-orrian eta Formol Konpainiaren Instagram kontuan.


