FOPO SINDROMEA: BESTEEN ONIRITZIAREN BAITAN JOKATZEA

FOPO SINDROMEA: BESTEEN ONIRITZIAREN BAITAN JOKATZEA Guztiok sentitu nahi dugu "tribuaren" parte eta batzuetan jaramon handiegia egiten diogu besteek uste dutenari edo gutaz espero dutenari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fopo-sindromea-besteen-oniritziaren-baitan-jokatzea/@@download/image/pexels-bertellifotografia-3856027.jpg
2025/08/07

Testua: Maitane Legarreta

Guztiok sentitu nahi dugu "tribuaren" parte eta batzuetan jaramon handiegia egiten diogu besteek uste dutenari edo gutaz espero dutenari.
FOPO SINDROMEA: BESTEEN ONIRITZIAREN BAITAN JOKATZEA

Michael Gervais psikologoak Fear of People's Opinions (FOPO) edo "jendearen iritziaren inguruko beldurra" terminoa sortu zuen besteek pentsatuko dutenari diogun izua izendatzeko. Beldur hori era askotakoa izan daiteke, Whatsappen edo lagunartean iritzia emateko edo zer ikasi edo lantokiz aldatzeko erabakia hartzeko garaian ager daiteke.

Erabakiak hartu aurretik besteen iritzia jakin beharra, iritziak edo jarrerak besteek ustez espero dutenaren arabera moldatzea, edo norbaiten arbuioa jasotzeko beldurrez proiektuak atzeratzea horren erakusle izan daiteke. Azkenean norberak nahi duenari erreparatuz baino, ustez besteek espero dutenaren arabera bizitzea izango litzateke. Jendearen iritziek baldintzatzen bagaituzte, geure buruarekin eta geure barruko pentsamendu eta desirekin dugun harremana ahuldu egiten da eta baita geure helburuak ere. Garena izan beharrean, ustez jendeak nahi duena izaten gara.

Noiz edo noiz guztiok edo ia guztiok egin dugu itxura eta ikusi ez dugun telesailen bat ikusi dugula aipatu dugu, graziarik egin ez digun txantxaren bati barre egin diogu edo lankideren bati mesedea egin diogu gogorik ez izan arren. Gure autoestima besteen begiradaren baitan ere eraikitzen den arren, ez da komeni gehiegizko arretarik jartzea horretan.

Sare sozialek ere ez dute laguntzen, besteen onarpenaren bilaketa etengabea susta baitezakete. Atsegite eta iruzkinen mende daudenez, erabiltzaileek euren jokabidea alda dezakete jarraitzaileak lortu eta gainerakoen gustuko izateko. Bata bestearekin alderatzeko joko arriskutsua ere sor daiteke, eta jendeak nola hautematen gaituen begira bizitzea eragin lezake, benetan nahi dugun horri erreparatu beharrean. Ez dugu ahaztu behar besteen begiradak ez lukeela gure balioa baldintzatu behar.

Besteen onarpenaren mende egoteak eta horrekiko gehiegizko kezka izateak gure aldartean ondorio kaltegarriak izan ditzake; goibeldu egin gaitzake, borondatea galarazi eta pentsamendu negatiboak eragin. Norbere buruarengan konfiantza galtzea eta errendimendua kaltetzea ere ekar lezake.

Hori dela eta, garrantzitsua da norberari galdera hau egitea: "nire asmoen arabera ari al naiz jokatzen ala besteek onartzeko?". Izan ere, besteek gu baliozkotzat jotzeaz gain, guk ere gauza bera egin behar dugu geure buruarekin. Geureari balioa eman behar diogu, eta geure segurtasuna sendotu.

Nola egin dezakegun hori? Barne-iparrorratz gisa erabiliko dugun helburua definituz, kanpokoen onarpenaren bila gabiltzala hautemateko praktikak sortuz, gure nahiak identifikatzen ikasiz, gure esposizioa mugatuz sarean edo espazio publikoan, geure buruari ondo hitz eginez, eta benetakotasuna sustatuz. Eta behar izanez gero, profesional batengana jo.

Zenbat eta benetakoagoak izan, orduan eta seguruago sentitzen gara eta horrek etengabee besteen baliozkotzearen bila ibiltzea saihes dezake.