Folk doinuak asteburuan Getxon

Folk doinuak asteburuan Getxon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/folk-doinuak-asteburuan-getxon/@@download/image/getxo_folk_azal_1378196369.jpg
2013/09/03
berria
Kepa Junkerak zabalduko du Getxo Folk Nazioarteko Jaialdia ostegun honetan, irailak 5, eta igandera bitarte Irlandako, Magrebeko eta hamaika tokitatik etorritako musikariak bilduko dira hiriko eszenatokietan. Doako kontzertuak ere izango dira.


29. edizioa izango du aurtengoa Getxo Folk Nazioarteko Jaialdiak. Irailaren 5ean, osteguna, hasi, eta igandera bitarte talde entzutetsu nahiz gazteez gozatzeko aukera izango da BBKren laguntzari esker Getxoko Udalak antolatutako jaialdian. Orotara hamabi taldek hartuko dute parte, eta emanaldi nagusiak Areetako Geltokian egingo dituzte, 21:00etatik aurrera.

Ostegunean Kepa Junkera trikitilaria igoko da taula gainera. Berak abiatuko du jaialdia Xose Manuel Budiño gaita jole galiziarrarekin batera, eta ostiralean Irlandatik etorritako Clannad taldearen txanda izango da. Musika zelta eta New Age estilokoa da berena, eta entzuleek doinu indartsuak eta emozioz beteriko kantak entzun ahal izango dituzte. Larunbatean, bestetik, Ekialde Hurbileko eta Magrebeko taldeak iritsiko dira Getxora, Yacine & The Oriental Groove, eta Kukai Dantza Konpainiak itxiko du jaialdia igandean; euskal dantzak beste hainbat estilorekin uztartzen dituen Kukai & Lagunak emankizuna eskainiko dute 20:00etatik aurrera.

Musika, etenik gabe
Baina eszenatoki nagusitik kanpo, hiriko beste hainbat eremutan ere doako kontzertuak eskainiko dituzte lau egunetan. Besteak beste, mediterraneoko musika mota ezberdinak uztartzen dituen Thalassa taldea, Imperial Elegancia Mexicana mariatxiak, musika judutarra egiten duen Trivium Klezmer taldea, edota Ana Alcaide bibolin jolea izango dira entzungai arratsaldeko programazioaren baitan, eta Terraza del Mundo eszenatokian jazza, flamenkoa, rumba, rocka, contrya, folka eta punka, besteren artean.

Haurrentzako egitaraua ere prestatu du udalak, eta artisautza azoka, bidezko merkataritza azoka eta beste hainbat jarduera paralelo egingo dituzte. Animatu!