Flavio Banterla musikari italiarrak euskarazko lehen kantua kaleratu du

Zaldibian bizi den Flavio Banterla musikariak euskarazko lehen abestia argitaratu berri du: NNN ZZZ, hau da, Nor Naiz Ni Zein Zara Zu. Datorren urtean kaleratuko duen Y/O izeneko diskoaren parte da kantua, eta hitzak sortzerakoan Ovidioren Metamorfosiak testuaren egokitzapena egin du. "Gizakiaren mito batzuk eta termodinamikaren lehen legeak esaten duten moduan, forma aldatu arren, denak bere horretan dirau", azaldu du sortzaileak.
Bideoklipa ere kaleratu du kantuarekin batera, eta, bertan, buruhandi eta haur baten arteko adiskidetasuna kontatzen da iruditan. "Ipuin zoriontsu, triste eta itxaropentsua" dela adierazi du artistak eta ideia hau ere baduela: "Ezer ez da sortzen, ezer ez da suntsitzen, dena eraldatu egiten da". Aktore nagusia Mateo da, musikariaren hiru urteko semea. Aitor Arrutik zuzendu du bideoklipa, eta Zaldibian dago grabatuta.
Maider Zabalegik eta Tolosako Et Incarnatus Orkestrak parte hartu dute azken lanean, eta baita saxofoi-jotzailea eta Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolako irakaslea den Gorka Benitezek ere.
Erasmus Bekarekin Euskal Herrira
Erasmus beka zela-eta iritsi zen Banterla Donostiara, eta hutsetik hasi eta Euskal Herrian bizitzen geratzea erabaki zuen. Esne Beltzaren Gogoak abestian parte hartu izanagatik ezagutuko dute batzuek italiarra.
Bere musika ibilbideari dagokionez, bere obrak "gaur egungo aurkikuntzaren eta magiaren inguruan dihardu, garai honetan bakearekin topo egitearen inguruan". Mystic Pop (2018, Warner/BMG) estreinako diskoaren ondoren, barrualdera begira jarri da berriro, datorren urtean argitaratuko duen Y/O lanean, eta, era berean, estilo puruko pintzeladak eta 60ko eta 80ko hamarkadetako italiar musikaren eragina eta poparen berehalakotasuna ere baditu osagai. Musikariak azaldu duenez, giza izaera arretaz behatzea du gustuko, eta bere lan pertsonal eta artistikoan "adimenetik haratago" egiten du bilaketa: "Nortzuk gara uste dugun horretatik haratago?".