Flashback 1983

80ko hamarkadakoak oso urte mugituak izan ziren, baina horien artean, 1983a berezia izan zen. Urte hartan ez zen giro izan Euskal Herriko kaleetan. Hamaika manifestazio eta protestaldiren artean, giro politiko, sozial eta ekonomiko nahasia zegoen: duela hogeitabost urte, euskal gizartea irakiten ari zen. Hona hemen orduko flash batzuk.
Euskal gizartea gori-gori zegoen, eta mugimendu sozialak indartsu: adibidez, ingurugiroaren hondamena gaitzesteko egitasmoak indar handia hartzen ari ziren, eta baita diktadura garaian errepresio bortitza jasan zuten homosexualen eskubideen aldeko taldeak ere. Bai: Euskal Herria armairutik ateratzen ari zen, bazen garaia!
Droga gogorrenen urte gogorrenak ziren. Hauts zuriak gazte asko hil zituen, eta egoera larri horrek eraginda, kolektibo asko elkartu egin ziren, batu. Gaur egun, ezinezkoa litzateke 1983an Donostian egindako manifestazio bat: drogek kalteturikoak, feministak, langabetuak eta Donostiako periferiako auzoetako koadrilak denak bat eginda pankarta honen atzean: "Marjinaziorik gabeko Euskadi baten alde".
Seaskakoak aireportuan
Irakaskuntzan ere giroa ez zegoen samur. Otsailan, Santa Ageda bezperan, OHOko hiru mila bat irakaslek protestaldia egin zuten Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Maisu-maistra haiek blai eginda itzuli ziren etxera, Ertzaintzak ederki bustita.
Izan ere, 1983an puri-puri zegoen Eskola Publiko euskaldunaren aldeko aldarrikapena. Hezkuntza mundua astinduta zebilen Euskal Herri osoan, eta protestaldi sonatuenetako bat Ipar Euskal Herrian izan zen, Miarritzeko aireportuan: 200 bat lagun Parisera zihoan hegazkin bat ez aireratzen ahalegindu ziren. Frantziako Gobernuak euskara eta Seaskaren alde egindako promesak gogoraraztea zen lagun haien helburua. Poliziak manifestariak sakabanatu eta hamabi lagun atxilotu zituen.
Banderen gerra eta uholdeak
1983 eta 1984ko udak oso beroak izan ziren, eta ez eguzkiaren eraginez bakarrik: banderen gerrak asko igoarazi zuen tenperatura. Errenteriako jaietan, alkateak Espainiako bandera jartzea agindu zuen. Istilu latzak gertatu ziren, noski.
Bilboko festetan ere antzeko zerbait gertatu zen. Gobernadore zibilaren aginduak jarraituz, poliziak udalaren erabakiari muzin egin eta hiru bandera ipini zituen: Bilbokoa, ikurrina eta piper-potoa. Horrek udal ordezkarien haserrea piztu zuen: "poliziak bertan jarraitzen duen bitartean, ez gara udaletxera itzuliko" erabaki zuten zinegotzi batzuek.
Bien bitartean, Manuel Fraga Iribarne eskuindarrak, salbuespen egoera eskatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoarentzat (EAE); ez zuen berotasun bera erakutsi, ordea, Valentziako udalak Francoren estatua kentzea adostu zuenean. Erabakia hanka sartzea zela adierazi zuen: ai Fraga, Fraga aingerutxo hori!
Ondorioz, Bilboko festak bero hasi ziren, oso bero. Aste Nagusiaren pregoia Iñigo Lizeranzu Athleticeko jokalariak irakurri zuen, eta handik sei egunetara, abuztuaren 26an, sekulako euri jasak izan ziren. Bilbo eta hamaika herri, euri eta lokatz artean preso geratu ziren. Leku asko hondamen eremu izendatu zituzten. Handik urtebetera, Bizkaiko 300 enpresa txiki eta ertainek itxita jarraitzen zuten oraindik ere.
Oso urte bortitzak
Bortizkeriak astinduta zuen Euskal Herria. 1983an ETAren jarduna gorenean zegoen, eta Komando Antikapitalistak ere gogor ari ziren erasoan. Atentatu, bahiketa eta hilketa ugari izan ziren urte hartan. Beste aldean, PSOEren gobernua ere ez zegoen besoak gurutzatuta: ZEN plana onartu zuten (Zona Especial Norte), eta tortura salaketak inoiz baino ugariagoak izan ziren.
Urriaren 15ean, Joxean Lasa eta Joxi Zabala errefuxiatuak desagertu egin ziren Baionan. GALeko mertzenarioek bahitu zituzten bi tolosarrak. Gerora jakin genuen Donostiako La Cumbren torturatu zituztela, ondoren Alacanteko paraje batean lurperatzeko. Buruan tiro eginda, 50 kilo kare bizitan lurperatu zituzten. Gorpuak 1985eko urtarrilaren 20an aurkitu zituzten, baina 1995era arte ez zituzten identifikatu. Ez zen GALek urte hartan egindako ekintza bakarra izan.
Galaxietako gerra
Nuklearrik ez, eskerrik asko; Soldaduskari ez horretako lelo asko izan ziren 1983an. Kontzientzia eragozpen mugimendua indar handia hartzen ari zen, eta ez ziren kateatze, eserialdi eta manifestazio gutxi antolatu derrigorrezko soldaduskaren, eta NATO erakunde militarraren aurka. Zentral nuklearren eta euromisilen aurkako protestaldiak ere jendetsuak izan ziren. Izan ere, gaur egun oso aspaldiko kontuak diruditen arren, 1983an Gerra Hotzaren azken mugimenduak bizitzen ari zen mundua, eta AEBetako presidente Ronald Reagan jaunak defentsa sistema berria ezagutarazi zuen: Galaxietako Gerra (eta ez gara Luke Skywalker, Han Solo eta Darth Vather maltzurraz ari). Albistearen ostean, AEBetako gotzain katolikoek pastoral antinuklearra plazaratu zuten. Reagan ez zen isilik geratu, eta "herri askeak ahultzea" leporatu zien antimilitaristei.
Hogeitabost urteren ondoren, lehengo lepotik burua?